Neguko hotza oraindik iritsi ez bada ere, San Tomas festak heltzear dira. Urtero bezala, txorizo eta taloak aterako dituzte azpeitiarrek plazara, eta festaz gozatzeko aukera izango dute. Dena ez da izango, ordea, jana eta edana santomasetan. 10:30etik aurrera, Patxi Azkargortaren omenezko finala jokatuko dute Frontoi Txikian, eta herri kirolariek ere izango dute tokia plazan.
Musika, bertsoak, erraldoiak, azoka eta abar eskainiko dituzte Azpeitiko Alde Zaharrean, baserritarrez jantziko diren herritar eta bisitarien gozamenerako. Plazako kioskoan Euskal Herriko Bertso Txapelketako azken bi irabazleak arituko dira kantari: Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Haien aurrean neurtuko dituzte indarrak inguruetako herri kirolari onenek: Mikel Larrañaga eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariek eta Estitxu Almandoz, Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria harrijasotzaileek hartuko dute parte.
Eragileen konpromisoa
Urtero bezala, Azpeitiko eragile ugarik jarriko dute txosna astelehenean plazan. Haien artean, Itsasi Dantza taldeak eskainiko du mokadua egiteko aukera. Urteak daramatzate bertako kideek postuan lana egiten, eta ohiturari eusteko asmoa dute. Nerea Zabala kideak esan du dozena bat urte igaro dituela San Tomas egunean txosnara joaten, eta bera txikia zenean ere irekitzen zutela: «25 urtetik gora damakizki Itsasik egun horretan lana egiten».
Diru asko irabazten ez badute ere, «merezi» du herritarrekin egotea egun horretan, Zabalaren arabera. «Ez da diruarengatik, herritarrek hemen gaudela ikusteko tresna ona da txosna; horregatik jarraitzen dugu honetan».
Itsasiko kideak nabarmendu du lan handia eskatzen duela postuak, «baita aurrez ere»; bilerak, eskaerak, janaria, txandak lotzea, postua bera jartzea eta abar dela-eta. «Hau ez da gure ogibidea, eta denok egiten dugu lana, beraz, ahal bezala moldatzen gara», esan du. 20 lagun inguruk jardungo dute boluntario gisa lanean astelehenean Itsasiko txosnan. Gainera, Txolartekoek lagunduko diete 9:30etik 11:00k arte: «Eskerrak eman nahi dizkiegu haiei ere, lanak errazten baitizkigute».
Taldeari laguntzeko, 800 euroko diru-saria eta otarra eder bat zozkatuko dituzte astelehenean bertan, 20:00etan. Boletoak saltzen ari dira dagoeneko, eta egunean bertan ere aukera emango dute horretarako. Ikusgai egongo da otarra txosnan.
Egitaraua
Gaur, abenduak 18
19:00. Kantu Jira egingo dute herrian zehar.
Bihar, abenduak 19
23:00. Skasti eta Grises musika taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. Ateak zabalik eta doan izango da kontzertua.
Abenduak 21, astelehena, San Tomas eguna
10:00. Diana Izarraitz txistulari taldekoekin. Goiz osoan zehar. Bertako produktuen azoka egongo da Berdura plazan. Egun guztian zehar. Txistorra eta taloaren postuak egongo dira herriko plazan.
10:30. Patxi Azkargortaren omenezko pilota txapelketako finalak, Frontoi Txikian. Ilunpe Pilota Elkarteak antolatuta.
11:00. Udal Musika Bandaren kalejira eta Eltziegoko gaiteroak.
12:00. XXXIII. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria banatuko dute udaletxean. Gorakada antzerki taldeak irabazi du, Moby Dick antzezlanarekin.
12:00. Aizkolarien eta harrijasotzaileen jaialdia egingo da plazan. Herri kirol saioa hasteko, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.-a omenduko dute Azpeitiko Udalak eta herriko kirol zaleek. Herri kirol jaialdian, Mikel Larrañaga eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariek eta Estitxu Almandoz, Jon Unanue Goenatxo III.-a, Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria harrijasotzaileek hartuko dute parte. Aurkezlea Juanjo Sagastibeltza izango da.
12:00. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Euskal Herriko azken bi txapeldunak, ariko dira bertsotan, plazako kioskoan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Sebastian Lizasok egingo ditu.
12:00. Itsasiko Ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinujoleen kalejira.
13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak ibiliko dira kalejiran.
18:00. Gazteen XV. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Dantza Suelto Eskolak antolatuta.