(E. Albizu Lizaso)
"Eskaintza jarraia, oparoa eta orekatua" prestatu du aurten Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Herriko kultur eskaintzaz gozatzeko, atera dute dagoeneko 2016ko Kultur Bonoa, eta Sanagustinen bertan dago salgai. 60 euroren truke eros daiteke bonoa, baina %50eko deskontua izango dute jubilatu, lanagabe eta gazte txartela dutenek. Joan den urtean, esate baterako,Kultur Bonoa erosi zuen %55 baliatu zen deskontuaz. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeburuak esan du "erraztasunak" ematen saiatuko direla, "herritar guztiek izan dezaten sarbidea kulturara".
Bonoa transferiblea da, edonork erabil dezake. Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke, baina aurretik ez. Pertsona bakoitzak txartel bat izango du, gehienez. Bestalde, txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Bestelakoetan ekitaldi eta saioetan, ordea, ez da erreserbarik egingo, eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, deskontuarekin.
Eskaintza eta abantailak
Kultur bonoa dutenek aukera izango dute zortzi kontzertutara doan sartzeko eta antzerki eta dantza ikuskizunak erdi prezioan ikusteko. Jaialdi eta topaketetan ere %50eko deskontua izango dute, eta umeentzat prestatutako ekitaldietara ere doan joateko aukera izango dute haur batek eta heldu batek.
Herrikoa eta euskaraz, lehendabizi
2016a eskaintza "oso potente eta anitzarekin" hasiko dute, Aitor Bengoetxea Sanagustineko programatzailearen arabera. Besteak beste, umeentzako emanaldiak, kontzertuak eta arte eszeniko desberdinen emanaldiak izango dira datorren urtean ere.
Bengoetxeak kulturguneko eta Soreasu antzokiko emanaldien inguruko zenbait datu eman ditu. Hark adierazi duenez, urtean 100-110 ekitaldi antolatzen ditu Sanagustin kooperatibak: 25 rock kontzertu, beste horrenbeste musika kontzertu, arte eszenikoetan 15 bat antzerki eta 10 bat dantza emanaldi... Eta horietatik 45 bat izaten dira sarreradunak. "Gure filosofiari jarraituz egiten dugu hau guztia, besteak beste, euskara zainduz eta herriko nahiz bailarako talde-eragileekin lanean arituz. Ekitaldien %90a euskaraz izaten dira eta %60 herriko-bailarako talde/elkarteek egin dituzte", gaineratu du Bengoetxeak.