Gabonetarako hamaika zeregin antolatu dituzte herriko eragileek

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 15a

Jolas parkea, tailerrak, Azoka Herritik, Olentzero eta Mari Domingirekin kalejira edota Errege Magoen desfilea izango dira datozen asteetan herrian, besteak beste.

Gabonak gainean dira eta Azpeitiko hainbat eragilek hamaika ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean datozen egunetarako. Bertan Merkatari elkarteak, esaterako, ekintza ugari prestatu ditu; zozketak, umeentzako Gabonetako haur parkea, erosketa bonoak... Iaz egin bezala, erosketa bonoak jarri dituzte bezeroen eskura: 40 euro ordainduta, 50 euroko balioa duten erosketa bonoak lortzea posible izango da. Bonoak eskuragarri daude jada. "Herritarrek bertan kontsumituz, Azpeitiko hirigunea merkatalgune bihurtzea nahi dugu, eta, era berean, Alde Zaharra biziberritzea eta herriari bizia ematea", esan du Agustin Lizarralde Azpeitiko zinegotziak. Iaz egin bezala, diru laguntza eman dio udalak Bertan elkarteari, "3.000 euro guztira", erosketa bonoak eskaintzeko herritarrei. Herriko hainbat eragilek agerraldia egin zuten atzo. (Azpeitiko Udala)

Gaztetxoak nagusi

Bertan-en eskaintzez gain, izango da zer gozatu datozen egunetan. Ostiralerako eta larunbaterako Azoka Herritik antolatu dute, Sanjuandegin. Gabon jaietako protagonista nagusiak, halere, gaztetxoak izango dira. Gazteria Sailak hilaren 28tik 30erako hainbat ekintza antolatu ditu. Oraindik Jolastek tailerretan parte hartzeko izena eman daiteke. Bestalde, DBHko ikasleei zuzendutako tailerrak prestatu dituzte abenduaren 22an, 23an eta 24an. Horretarako hilaren 19a baino lehen eman behar da izena Gazte Informazio Bulegoan.

Olentzero eta Mari Domingi

Gabon eguna, Olentzeroren eta Mari Domingiren eguna izango da Azpeitian. Mari Domingi plazan egongo da Olentzerorentzat gutunak jasotzen, 12:30ean. Ondoren, 17:00etan, Olentzero eta Mari Domingik kalejira egingo dute Arana kaletik hasi eta herriko plazan bukatzeko. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Frontoi Txikira lekualdatuko lukete. Azkenik, Erregeen Magoen desfilea trenez iritsiko da, ohi bezala, urtarrilaren 5ean. Bezperan, horien pajeak egongo dira eskutitzak jasotzen udaletxeko arkupetan, 17:30etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide