I. Azpeitiko Txakurkrosa. (Ana Abarisketa)
Datorren igandean, hilaren 20an, jokatuko da Azpeitiko I. Txakur Krosa. Sanjuandegiko plazan aurkeztu dute lasterketa gaur, zapatua, antolatzaileek eta babesleek. Antolatzaileek azaldu dutenez, XJ Auzolanean taldeari esker lortu dute lasterketa aurrera ateratzea.
Mushing-a dute jatorri txakur krosek. Parte hartzaileek txakurra gerrira lotuta osatuko dute ibilibidea. Sanjuandegitik aterako dira korrikalariak eta Oinatz auzotik Sistiaga errekaraino igoko dira. Borja Eizagirre da txakur krosaren antolatzaileetako bat: "Oso menditsua eta polita da ibilbidea", esan du agerraldian.
Igandean goiz hasiko da egitaraua martxan. Egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 8:30etik 9:30era. Jarraian, lau kilometroko lasterketa motza hasiko da. Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da eta Euskal Herriko Txakur Krosa Ligan puntuagarria izango da. Bukatu ostean umeen lasterketa txiki bat antolatu dute. Gaztetxo bakoitzak heldu batekin parte hartu beharko du. Eguna bukatzeko, Mushing erakustaldia prestatu dute, Andoni Azpillaga
Banana munduko txapeldunordearen eskutik.
Azpeitiko Udalak Azpillagari omenaldi bat egiteko aprobetxatuko du lasterketa eguna, hala azaldu du Estitxu Elduaien udal ordezkariak: "Jakin behar dugu, modalitate honetako munduko txapeldunordea herritarra dela".
Parte-hartzaileentzat argibideak
"Lasterketan parte hartzeko edozein txakur arrazak balio du", azaldu du Eizagirrek. Horretaz gain, txakurrek txertoak eguneratuta izatea "behar-beharrezkoa" izango da.
Azpeitiko Udalaren, merkatarien eta enpresen babesa jaso dute antolatzaileek lasterketa prestatzeko. Eizagirrek ibilbidearen inguruko baserritarrei ere eskerrak eman dizkie, "beraien lurretatik pasatzen utzi digute eta lana asko erraztu digute".