Aukera berri batekin dator Azpeitiko XV. San Silbestre lasterketa. Eskolartekoen, gaztetxoen lasterketaren eta proba nagusiaren aurretik, lasterketa irekia antolatu dute Xeye Atletismo Taldekoek eta Txolartekoek elkarrekin. 10:45ean irtenda egingo dute 400 metroko korrika ekitaldia, herriko plazatik hasita. Horren asmo bakarra da urtearen azkenengo eguneko kirol proban edozeinek parte hartzeko aukera izatea. Horregatik, herritarrak animatu dituzte proposamen berrian parte hartzera: "Edonork parte hartzeko neurrikoa da, eta norbere martxan egiteko aukera izango du". Txolarteko kideek eskerrak eman dizkiete antolatzaileei emandako laguntzagatik. "Lasterketa egitea proposatu genuenetik erraztasunak besterik ez ditugu izan", azaldu du Olatz Aguado elkarteko ordezkariak. "Ilusioz beteta" joango dira aurten probara.
Hala ere, Xeyek, Urola Kostako Hitzak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu duten hamabosgarren edizioak ez du berritasun hori soilik. Parte-hartzaileen kopurua mugatu egin dute patinatzaileen proban, eta lasterketa herrikoian; 100 parte-hartzaile izango dira gehienez ere patinetan, eta 900 proba nagusian. Ibilbideak, ordea, iazko neurri bera izango du: sei kilometro.
Eskolarteko lasterketak 10:00etan hasiko dira, eta gero, 10:45ean, proba irekia egingo dute. Patinatzaileak 11:15ean irtengo dira, eta 12:00etan izango da proba nagusia. Azken horretan, kadeteek, jubenilek, seniorrek eta beteranoek batera irtengo dute herriko plazatik. Urtetik urtera, Urtezahar eguneko kirol ekitaldia "hobetzen eta sendotzen" joateko asmoa du Xeye atletismo taldeak.
300dik gora sari
Xeyekoek espero dute lasterketa, aurreko urteetan bezalaxe, "herrikoia" izatea. Probaren bukaeran, parte-hartzaile guztien artean, hainbat opari zozkatuko dituzte: urdaiazpikoak, ardo botilak, sagardo botilak, otartekoak eta kirola egiteko materiala, besteak beste. Guztira 340 opariren zozketa egingo dute: "Hau da, ia parte-hartzaileen hirutik batek jasoko du opariren bat". Horrez gain, lasterketa nagusiko lehen hiru gizonezkoek eta hiru emakumezkoek sariak jasoko dituzte, baita maila bakoitzeko lehen sailkatuek ere. Estitxu Elduaien udaleko Kirol zinegotziak ere eskerrak eman dizkie antolatzaileei, eta herritarrak animatu ditu parte hartzera proban: "Hau da benetako lasterketa herrikoia, eta halakoak sustatu nahi ditugu".
Kirolproba.com webgunearen bitartez eman daiteke izena hilaren 29 bitartean, zortzi euroren truke. Egunean bertan, 11:00ak aurretik eman beharko da izena plazan, 15 euro ordainduta. Patinatzaileek, berriz,
xeyeat6.blogspot.com webgunean eman behar dute izena, eta egunean bertan ere izango dute aukera horretarako. Blogaren bitartez izena ematen dutenek kontu zenbaki honetara sartu beharko dute dirua: ES53 0081 4173 0300 0103 4414. Prezioak berdinak dira; eta haurrena doan da. Urtero legez, aldagelak eta dutxak Izarraitz pilotalekuan egongo dira.