Hemen Gara lan berria aurkeztuko du bihar Azkoitia eta Azpeitia artean sortutako The Friday’s Crew taldeak. Abian dira, eta herritik hasita, Andoain, Larrabetzu, Iruñea eta Beasainen joko dute datozen hilabeteetan. Saioa 23:00etan hasiko da.
Hirugarren diskoa da hau. Zer berritasunekin zatozte?
Harri Etxeberria: Orain arteko diskoak Azpeitian grabatu ditugu, Landetako Lobo estudioetan. Oraingo honetan, Mutrikuko AME estudioan aritu gara.
Jon Custodio: Abestiak gehiago landu ditugu, eta emaitza ere hobea dela esan genezake.
Diskoetxe batekin lan egin izanak zer abantaila eman dizkizue?
H.E.: Grabaketa gure kontura egin dugu. Ondorengo lanetan lagundu digu Mauka diskoetxeak. Zigilua jartzen dute haiek, eta kontzertuak lortzen laguntzen digute. Banaketan ere nabaritu dugu aldea.
J.C.: Diskoaren zati bat grabatu genuen, eta abesti horiek pasatu genizkien hainbat diskoetxeri. Ondoren, erantzuna jaso ostean, beste sei bat kanta egin genituen diskoa osatzeko.
Lehen aldiz izan zarete Durangoko Azokan.
J.C.: Bai, gure diskoak Maukaren postuan egon dira. Gustura gaude 200 diskotik gora saldu ditugulako.
Iosu Garate: Aukera ona da, Euskal Herriko musikagintzaren mapan jartzen zaituelako. Gure musika jo dugu, eta beste taldeetako kideak ezagutu ditugu.
J.C.: Berria eta berezia izan da han jotzea. Oso urduri egon ginen kontzertu aurretik.
Hastapenetatik aldatu egin da taldea; kideak ere aldatu dira. Horrek eragina izan du lana egiteko moduan eta musikan?
H.E.: Beti aldatzen da. Jendea joan eta etorri egiten da, baina geu ere aldatu egin gara. Nahi edo ez, hamar urte igaro dira: giroa, bizimodua edo ingurua ez dira berdinak. Musika ez dugu zeharo aldatu, baina zerbait antzeman daiteke, agian, lehen diskotik hirugarrenera. Estiloa, ordea, mantendu egin dugu.
J.C.: Estiloa mantendu dugu, baina garapen bat egon da. Arkaitz Ayusoren partez hasi nintzen ni, eta bigarren diskoan antzeman zen eragina: gitarra garbi batzuk eta akordeak sartu genituen. Garate sartu zenean, berriz, teknika aldetik irabazi genuen.
I.G.: Punk-rocka izaten jarraitzen du, baina beste genero batzuetatik ere edan du. Une batzuetan, rocka edo hardcorea gehiago sartu dugu. Disko hau zabala da; abesti makalak edo melodikoak ere baditugu. Etortzen den pertsona bakoitzak zerbait gehitzen dio taldeari.
Etxean aurkeztuko duzue diskoa bihar. Berezia izango da?
J.C.: Saiatu gara gertuko kontzertu bat prestatzen. Hasieratik nahi genuen hemen aurkeztu lana, eta aukera moldatu dugu herriko bi talde gazteri aukera emateko. Bertako jai txiki bat izango da, bertako musikariekin eta zaleekin.
Nola ikusten duzue taldea etorkizunari begira?
I.G.: Diskoa grabatzea prozesu luzea izan da, eta desiratzen egon gara hura plazaratu eta kontzertuekin hasteko.
H.E.: Puxka batean ez dugu aurreikusten berriro grabatzen hastea. Musikaz nahi dugu gozatu. Kontzertuak gustatzen zaizkigu. Ea aukera dugun horretarako.