Azkoitiko eta Azpeitiko kideek osatzen dute Azkoitri Triatloi Kluba. (Hitza)
Azkoitri Triatloi Kluba hasi da 2016. urtea prestatzen. Izan ere, Euskal Herriko Triatloi Federazioa lizentziak bideratzeari ekin dio, eta, aurten, 77 eurotan finkatu du ordaindu beharrekoa. Kuota horretaz gain, Azkoitri Triatloi Taldean sartzeko 20 euro ordaindu behar dira. Taldekide izanda, %50eko deskontua lortzeko aukera dago taldeko triatloi jantzia, motxila, elastikoa eta jertsea erosteko orduan. Bestalde, Azkoitiko eta Azpeitiko hainbat lekutan deskontuak eskuratu daitezke. Dagoeneko eskuragarri daude datorren urteko lizentziak.
Lizentzia hauen bidez bazkide txartela lortzen dute kirolariek. Hala, Euskal Herriko triatloi eta duatloi zirkuituko probetan lehiatzeko asegurua lortzen dute. Triatloi taldeko kide kopuruak gora egin du azken urteetan. Iaz, 36 federatuk osatzen zuten taldea; 2011ean, berriz, hamaika lagunek. Aldaketa hau, triatloiek izan duten "boomagatik" dela dio triatloi taldeko kide Aitor Beneitez
Tertziok. Taldea, 45 lagun inguruk osatzen dute denera. Erdia baino zerbait gehiago azpeitiarrak dira, eta gainerakoak, azkoitiarrak.
Triatloi zaleak, batez ere
Taldekideek, batez ere, triatloietan parte hartzen dutela dio Beneitezek: "Duatloiak neguan izaten dira. Horretaz gain, fisikoki gogorragoak dira eta eguraldiak ez du laguntzen normalean. Iaz, hiru kide besterik ez ziren ibili lasterketetan: Jon eta Mikel Garate eta Jokin Sudupe
Pio". Trialoietan, aldiz, jendetza batzen da eta Euskal Herriko mugez haratagoko probetan ere lehiatzen dira. "Iaz Katalunian izan ginen bederatzi taldekide, adibidez", dio
Tertziok.
Talde gisa ez dute helburu zehatzik urte berrira begira: "Lasterketetan parte hartzera animatu nahi dugu jendea. Gero, lasterketaren batean edo bestean norbaitek sailkapen ona lortzen badu, edo taldean emaitza onen bat lortzen badugu, primeran. Bestela, ez du helburu zehatzik".
Aurrera begira, azken urteetan herrian jokatzen diren bi probak antolatzen jarraitzea aurreikusten dute: Azkoitiko XVII. Duatloia eta Azkoitiko III. Duatloi Herrikoia. Aurreneko lasterketa Euskal Herriko Duatloi zirkuituaren barruan kokatzen da. "Duatloi nagusia antolatzeko diru-laguntza ematen digu udalak. Hala, soberan geratzen den diruarekin antolatzen dugu duatloi herrikoia".