Creative Commons Film Jaialdia antolatu dute Azpeitian, gaurtik hasita

Ana Abarisketa 2015ko abe. 10a, 10:29

Creative Commons lizentziapean elkarbanatutako filmen jaialdia antolatu du Paradisu Zinemak. Solasaldiak eta erakusketa ere antolatu dituzte, sormena elkarbanatzeko lizentziez aritzeko.

Jaialdiaren antolatzailea eta parte-hartzaileak, Soreasun. (Hitza) Gaurtik hasi eta astelehenera bitartean Azpeitia Creative Commns Film Jaialdia antolatu du herriko Paradisu Zinema Zineklubak. Jaialdiaren helburua da, besteak beste, sorkuntza elkarbanatzeko lizentzia honen berri ematea. Hain justu, Creative Commns lizentzia duten filmekin osatu dute jaialdiaren egitaraua. Aurreneko Creative Commns film lehiaketa Bartzelonan sortu zen orain bost urte. Lizentzia mota horrek kultur edukien transmisioa erraztea du helburu. Aitor Bengoetxea Ondarru da zineklubeko kideetako bat: "Lizentzia hauen bidez sortzaileak erabakitzen du bere lana nola konpartitu. Filosofia sinplea da, baina egundoko mundua da era berean".

Gelditzeko dator

Paradisu Zinemako kideek aurrerantzean jaialdia "indartzen" jarraitzea dute xede. "Erakutsi nahi dugu zinema konpartitzeko beste modu batzuk badirela", azaldu du Ondarruk. Egitarauari dagokionez, hiru film emango dituzte: Yes, we fuck! katalana, The internet´s own estatubatuarra, eta Alpha greziarra. Bertsio originalean botako dituzte denak, Soreasun. Herriko zinema areto nagusitik haratago, Gaztelekura eta Gaztetxera ere zabalduko dute jaialdia. Hala, sormena partekatzeko asmoz, solasaldia eta proiekzioa antolatu dute arratsalderako. Gaztetxean, berriz, Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak beraiek zuzendutako Zulo film laburra aurkeztuko dute, bihar. Saio eta solasaldiez gain, Creative Commons lizentzien inguruko erakusketa pedagogikoa antolatu dute zineklubeko kideek, gaiaz informazioa zabaltzeko. CCAZP JAIALDIA Gaur, abenduak 10. Sormena partekatuz, Soreasun, 17:30ean. Yes, we fuck!, Soreasun, 21:30ean. Bihar, abenduak 11. Jantoki begetarianoa, Gaztetxean, 20:00etan. Gau Laburra, Gaztetxean, 21:30ean. Etzi, abenduak 12. Alpha, Soreasu, 18:00etan. The internet´s own boy, 22:00etan, Soreasun. Gaurtik astelehenera. Creative Zer?! erakusketa, Sanagustin kulturgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide