Hamahiru urte egin ditu Juan Mari Juaristi Atano XIII.ak pilota hautatzaile gisa, eta duela bi aste utzi du kargua. Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981) pilotari ohiak hartu du orain lekukoa, eta dagoeneko binakako txapelketako ligaxkarako aukeratu ditu lehen pilotak. Gaur ere materiala hautatzera joatekoa da.
Noiz jakin zenuen Atano XIII.a ordezkatuko zenuela?
Duela bi aste deitu zidaten eskaintza egiteko. Aspe eta Asegarceren artean aukeratzen dute material hautatzailea, eta pertsona aproposa nintzela esan zidaten. Egun bat hartu nuen pentsatzeko eta familiarekin hitz egiteko. Beti gustatu izan zait ofizio hori, baina alde onak eta txarrak aztertu nituen baiezkoa eman aurretik. Atano uztekoa zela ere ez nekien, uste dut guztiontzat izan zela sorpresa bat.
Joan den urtean utzi zenion pilotan lehiatzeari. Mundu bera, baina beste leku batetik probatuko duzu.
Bai, ofizio berri bat da. Bi enpresaren artean egongo naiz hemendik aurrera, eta egokituko zait epaile lanak egitea. Badakit lan hau nahiko gatazkatsua izaten dela, eta horregatik saiatuko naiz gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta ahal dela, zarata gutxi ateratzen.
Presio handiko lana da, pilotari, zale eta hedabideek epaitzeko joera dutena.
Bai, jakitun naiz. Hori ere kontuan izan dut, eta balantzan jarri dut. Hala ere, ez dut nahi gehiegi pentsatu horretan; izan ere, pilotaren alde lan egitea dut helburu, eta horretarako nire zatitxoa jartzea. Saiatu egingo naiz.
Ardura handia da Atano XIII.aren ondorengoa izatea?
Bai. Hasteko, uste dut orain artean ez dela egon horrenbeste urte egin dituen pilota hautatzailerik. Horrez gain, lan txukuna egin du Atano XIII.ak, eta diskretua izaten jakin du. Hori da lan honen gakoa: isilik jardutea, eztabaidetan ez sartzea eta zurea egitea. Eredu da horretan. Harremana badut berarekin, eta pilotaria nintzenean ere ikusten nuen nola egiten zuen beharra. Ispilu bat da bera niretzat.
Berarekin hitz egin duzu hartutako erabakiaren inguruan?
Erabakia hartu aurretik hitz egin nuen berarekin. Eskaintza egin eta hurrengo egunean bildu ginen, eta bere lan egiteko modua, detaileak eta sekretu txikiak azaldu zizkidan. Egoera ere aztertu genuen bion artean, eta mahaiaren gainean jarri zizkidan lanbidearen onurak eta hain politak ez diren gauzak. Oso kontuan izan dut bere iritzia.
Zer pilota aukeratuko dituzu eta nola izaten da hautaketa?
Txapelketako pilotak aukeratuko ditut, lehiaketa guztietakoak. Udako ligaxkak, lagunartekoak... horietan ez naiz sartzen. Hautaketa aldatu egin da apur bat: orain artean, enpresa bakoitzak hamar pilota jartzen zituen; hogei, denera. Hautatzaileak hamar aukeratu behar zituen hogei horietatik. Hemendik aurrera, hamar jarri beharrean, enpresa bakoitzak zortzi pilota jarriko ditu, eta hamasei horietatik, hamar hartuko ditut nik. Desberdintasuna zera da, lehen hautatzaileak bazekiela pilota bakoitza zer enpresakoa zen. Orain, ez dut jakingo hori: nahasita egongo dira. Hori aldaketa ona izan daiteke gatazka baretzeko. Beste aldaketa bat da pilotek zenbakiak izango dituztela aurrerantzean. Partidetan denbora gutxiago xahutzeagatik da. Izan ere, pilotariak epailearengana joaten direnean materiala aldatzeko eskean, pilotak ez dira egoten zenbakituta, eta zalantzak sortzen dira. Denbora galtzen zen, beraz, zenbakia eta kolorea izango dute orain, gauzak automatikoki egiteko.
Beraz, posible da enpresa bateko pilota gehiago izatea partidan beste enpresakoak baino?
Gerta daiteke. Hori jakinda, enpresek ere asko findu behar dute beraien lana; bestela, pasatu daitekeena da jokoan ia pilota guztiak beste enpresakoak izatea.
Piloten aukeraketan objektiboagoa izaten lagunduko dizu?
Bai. Bestela, bakoitzak bere pelotarien alde egiten du. Niretzako ona da erabakia, eztabaidak usatuko ditu. Apurka-apurka hobetzen ari da pilotaren mundua, eta hori da lortu behar duguna.
Arauak aldatzerakoan, parte hartu duzu?
Ez, lehendik ari ziren horrekin lanean, eta niri suertatu zait joko horri hasiera ematea. Hemendik aurrera, ordea, nire alea jarriko dut aldaketetan ere.
Hautaketa ona egiteak zer garrantzia du jokoan?
Inportantzia du. Beharrezkoa da pilotak orekatuak izatea: ez motelegiak, ezta biziegiak ere. Pilota batek partida puskatu dezake, eta hori gerta ez dadin egin behar ditut gauzak ondo. Norgehiagokan jotzaile oso ona badago, eta pilota biziegia jartzen badiogu, aurkaria ataka gaiztoan utz dezake. Txarra da ikuskizunarentzat ere, eta neurri ona aurkitu behar da. Ez dugu begiratu behar zein pilotarik jokatzen duen, baina bai zein den pilotalekua eta zer material dugun.
Ez duzue kontuan hartzen zer pilotarik jokatzen duen?
Hori da etorkizunean lortu nahi duguna, baina, gaur-gaurkoz, zaila da. Izan ere, aurrez jakiten dugu nor diren pilotariak. Halere, ahal den gutxiena erreparatu behar zaio horri. Hurrengo pausoak izan behar du materiala aukeratzea nork jokatu behar duen jakin gabe.
Lehen materialaren hautaketak egin dituzu. Zer moduz joan da?
Joan den astean, lau hautaketa egin nituen: asteazkenean bi, eta beste bi ostegunean. Txapelketak direla-eta, astean lau aukeraketa egingo ditut orain. Gaur eta bihar ere bina hautaketa egingo ditut. Oraingoz, nahiko gustura nago eginiko lanarekin, eta partida onak irten dira asteburuan, nahiz eta kritika txiki bat ere jaso nuen ostiralean. Kritika horiek aztertzen eta erlatibizatzen jakin behar da, hori ere ikasiko dut. Hasten ari naiz, sekreto asko ditu ofizioak, eta denbora tarte baten ostean aukera izango dut gauzak beste modu batera ikusteko: hobeto, ziur aski. Jon Apeztetxeak eta Ruben Belokik jartzen dituzte pilotak, eta haiek ere laguntzen ari zaizkit.
Lanbide berri honez gain, baduzu zure ofizioa. Bateragarriak izango dira?
Masajista lanarekin eta Zestoako entrenamenduekin jarraituko dut. Pilota aukeraketak astean bi egunetan izaten dira, eta gainontzekoak libre gelditu zaizkit nire egitekoei eusteko. Bateragarriak direla uste dut, eta proba egingo dugu. Lan hau, ziurrenik, ez da izango betirako. Beraz, nire ofizioa mantentzea garrantzitsua iruditzen zait. Ez dakit honetan urte bat, bi edo hamar iraungo ditudan.