Emozio eta sentimenduz betetako obra bat interpretatuko du gaur Claire Ducreux dantzari eta antzezle frantziarrak, 21:30etik aurrera, Soreasu antzokian. Kritika onak besterik ez ditu jaso 2014an estreinatu zuen Refugiee Poetique [Errefuxiatu Poetikoa] ikuskizunak, eta Euskal Herria, Espainia eta Frantzia artean dabil Ducreux azken urtean. «Maiteminduta» dago egiten duenaz, eta bere unibertsora gerturatzeko eskatu die ikusleei, artistaren arabera, «batera» osatuko dutelako obra gaur.
Zeinu eta hizkuntzen nahasketa bat da Refugiee poetique ikuskizuna: dantza eta antzerkia. Txintik esan gabe, komunikatzea bilatuko du kalean dabilen arlote txiro batek. Claire Ducreux da obrako antzezlea, eta «sentipenez betetako balada» bat eskaintzea da haren helburua. Horretarako kontatuko du arlotearen istorioa, eskale ahul eta sentibera batena: «Bizitzak ematen dion guztia hartzen duen pertsonaia antzeztuko dut. Eskultura bat dagoen lekuan, laguna ikusiko du; eta zubia dagoen lekuan, aterpea: aldi baterako etxebizitza».
Halere, ez dio esanahi zehatzik eman nahi obrari. Izan ere, ikusle bakoitzak bere irakurketa egitea da Ducreuxen xedea. «Gehiago gustatzen zait iradokitzea kontatzea baino, eta hortik aurrera, ikuslearena da boterea eta lana». Garrantzia ematen dio antzezleak norberaren hausnarketari, haren hitzetan, «unibertsoak soinu desberdina» duelako pertsona bakoitzaren baitan. Izan ditu, ordea, ideia zehatz batzuk antzezlana osatzeko: «Sinpletasuna, umiltasuna eta esker ona».
Bokazioz antzezle
Txiki-txikitatik dantza egiten du Ducreuxek; eta, gaur egun, kale-antzerkian aritzen da, batik bat. «Bizitzaren eskola» deitzen dio hark ogibideari, egunero-egunero jendea «ikusteko eta ukitzeko» aukerak zerbait pizten baitio barruan. Kaleko bi antzezpenetatik hartutako zatiekin osatu du Refugiee poetique lana. «Haien zati berdinak ditu, baina desberdina da: beste izaera bat eman diogu oholtzan».
Helduentzat sortu zuen Ducreuxek lan hau, baina haurrentzako ere egokia dela uste du. «Emozioa partekatuko dugu; izan ere, antzezleak eta ikusleak bat egiten dute», nabarmendu du. «Negar eta barre» egiteko lana da berarentzat obra. Umorea eta tristura nahasten direla azaldu du antzezleak, «baina gakoa umorea da beti».
Bihotza ukitzeko prest
«Arnasten den obra bat da, eta niri axola zaidana da herritarrek uneren bat bihotzean eramatea», azaldu du. Haren helburua da norbaitek munduari beste modu batera begiratzea lortzea: «Hori izango litzateke gerta dakiguken gauzarik ederrena».
Obrako musika egiteko hiru musikarik jardun dute lanean, eta ia abesti guztiak berriak eta originalak dira, bereziki, obrarako eginak. Bakarrik igoko da emakumea oholtzara, nahiz eta laguntzaile bat izango duen zenbait unetan. Bi pertsona horiei argiztapen teknikariak laguntzen die leku guztietara. Azpeitira bidean ziren HITZArekin hitz egin dutenean.