Boluntarioak eta udal ordezkariak (E. Albizu Lizaso)
Urtean zehar 195 familiari laguntzen die Azpeitiko elikagai bankuak. Gabonak iristear dira, eta gurditxo bereziak prestatu dituzte behar gehien dutenentzat. Hilean astebetez lan egiten dute elikagai bankuan boluntarioek, Udalaren laguntzarekin, eta oraintxe ari dira abenduko janaria banatzen.
2010ean jarri zuten abian bankua herrian, Udalak eta zenbait boluntariok. Baigera eraikinean egiten zuten lan hasieran, eta duela lau urte Urola kalean jarri zien lokala erakundeak, Gaztetxearen ondoan. Aurten, txukundu egin dute biltegia, bertara joaten direnei «zerbitzu hobea» eskaintzeko, adierazi du Estitxu Elduaien udal zinegotziak. Hori dela-eta, lokala margotu eta argiztatu egin dute, eta komuna jarri diote.
Gaur egun, bi tokitatik jasotzen dute janaria boluntarioek: Oiartzunen dagoen Europako janari fondotik eta Bergarako bankutik. Brigadako kideek ekartzen dituzte elikagaiak Azpeitira. Horrez gain, edozein herritarrek du aukera janaria emateko; horretarako, nahikoa da boluntarioren batekin harremanetan jartzea edo udaleko Gizarte zerbitzuekin hitz egitea.
Jana jasotzeko prozedura
Elikagaien bankuko zerrendak udalak koordinatzen ditu, Gizarte zerbitzuetatik. Erakundeak identifikatzen ditu behar gehien dituzten familiak, eta haiekin harremanetan jartzen da. Ondoren, zerrenda bat pasatzen diete datuekin boluntarioei, eta haiek kudeatu eta banatzen dituzte elikagaiak.
Sei boluntario daude lanean, eta hilean astebete pasatzen dute haiek biltegian. «Duela sei urte hasi ginen lanean, eta orduan 60 familiek soilik jasotzen zuten janaria: aldatu da egoera», azaldu du boluntarioetako batek. «Konfiantza» izateko eskatu dute: «Gu seiok egoten gara hemen, eta ez dugu bankuan ibiltzen den jendeaz hitz egiten hemendik kanpo». Hori dela-eta, nabarmendu dute «beharra duten guztiak» joan behar luketela hara: «Badakigu Azpeitian jaiotako jendea badela beharrean, eta haiek animatu nahi ditugu».
Elduaien zinegotziak, berriz, boluntarioen lana eskertu du: «Zuen lanari esker egoera hobean daude behar gehien dituztenak». Bestalde, Azpeitia «herri solidarioa» dela nabarmendu du zinegotziak.