Jostailu ez sexistak sustatzeko kanpaina abiatu du Azpeitiko Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko abenduaren 1a

Dendekin, gurasoekin eta gaztetxoekin landuko dute gaia. Etxeetako buzoietan liburuxkak banatuko dituzte zenbait gomendio eta irizpiderekin.

(E. Albizu Lizaso) Jostailu ez sexistak bultzatzeko kanpaina jarri du abian Azpeitiko Udalak, Hezkidetza foroan hala proposatuta. Dendariekin, gurasoekin eta gaztetxoekin landuko dute gaia, eta liburuxka bat banatuko dute, etxez etxe. Gomendioak, irizpideak eta baliabideak eskaintzen saiatuko dira; izan ere, dagoeneko hasi dira oparien inguruko eskaintzak, eta guraso asko «galduta» aurkitzen direla ikusi dute. Hezkidetza Foroa Azpeitiko eskolek eta Udalak osatzen duten mahaia da, eta abian jarri daitezkeen proiektu hezkideak aztertzen dituzte. Leire Goenaga udal zinegotziak eta Axier Baglietto Hezkidetza Foroko kideak nabarmendu dute «genero sistemaren isla eta euskarri» direla opariak, eta dendetan aise ikusi ohi direla sailkatutako eskaintzak: kolore desberdinak, ofizioen banaketak eta abar egiten dituzte saltokietan ere. «Neskentzat panpinak, sukalde txokoa edota makilatzeko tresnak eskaintzen dituzte. Mutilentzat, berriz, kotxeak, baloiak edota eraikitzeko jolasak. Bi koloretako bi mundu», azaldu dute. Hori dela-eta, haien hitzetan, «guraso askorentzat kezka bilakatu da haurrari nolako oparia erosi asmatzea». Gaurtik aurrera, liburuxka batzuk jasoko dituzte herritarrek etxean, Zer da, mutila ala neska? izenarekin. Bertan aipatzen dira jostailuak aukeratzeko irizpide eta azalpen batzuk, baita gomendioak ere. Bestalde, dendariekin «lanketa berezia» egingo dutela jakinarazi dute, haien iritzia entzuteko eta salmentako garaian, zer baliabide eskain ditzaketen aztertzeko. Ikasleekin ari dira gaia lantzen eskoletan. Gaztelekuan eta ludoteketan, berriz, jostailu ez sexisten astea izango da hau, ostirala bitartean ekintzak izango dituzte.

Gurasoekin solasean

Gurasoei tailerra eskainiko diete ostegunean, 15:15etik aurrera, Sindikatu Zaharrean. Garrantzia berezia eman diote antolatzaileek: «Ez dugu inor epaitu nahi, baliabideak eskaini nahi ditugu, modu goxoan. Badakigu zaila dela erabakiak hartzea kasu hauetan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide