"Jende on asko dago"

Nerea Uranga 2015eko azaroaren 28a

Elikagai Bankukoek janaria biltzen jardun dute egunotan hainbat saltokitan

Azpeitiko Elikagai Bankukoak elikagaiak biltzen herriko saltoki batean (Nerea Uranga/Hitza) "Jende on asko dago" zioten gaur, larunbata, arratsaldean Azpeitiko Elikagai Bankuko bi kidek. Janaria biltzen aritu dira egunotan herriko hainbat saltokitan. Jendea asko laguntzen ari dela esan dute. Kaxetan bildu eta ondoren saltokiko biltokian biltzen dute, gero Elikagai Bankura eramateko. Kaxa handi bat goraino beteta zuten, eta saltokiko langile batek garraiatu du biltokira. Bitartean, neska batek bi karro beteta eman dizkie elikagaiak biltzen ari diren boluntarioei: elikagaiez gainera haurrentzako pixoihalak ere eman ditu. Gizonezko bat ere etorri da, eta eman ditu beste janari batzuk, beste gizonezko batek ere ekarri du poltsa bat beteta. Elikagaiak biltzeko kanpainetatik kanpo ere ematen dizkie janariak Elikagai Bankukoei, hala azaldu du Azpeitikoak: "Orain sagarraren garaia da, eta baserritar batek 10 kaxa eman dizkigu. Hurrengo janarien banaketa egunerako poltsetan banatu eta emateko prestatu beharko ditugu. Baserritar batzuk ezagutzen gaituzte, eta garaian garaiko hainbat produktu ematen dizkigute Elikagi Bankurako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide