San Andres egunez txerriak izaten dira erakusgai Azkoitian. (Nerea Uranga)
Giroa berotzeko hainbat ekitaldi egin ostean, prest dira sanandresak Azkoitian. Ohiturari jarraituz, euskal tradizioak jantziko ditu herriko kaleak, eta herritarrek hamaika ospakizunekin gozatzeko aukera izango dute. Gaurtik hasiko dira ekitaldiak, eta astelehenean da jai nagusia.
San Andres eguna astelehena da, eta ohiko egitaraua prestatu du udalak ordurako. Herriko plaza izango da festa giroaren bilgunea, baserritarrez jantzita, ehunka lagun elkartuko dira goizetik taloak eta txorizo pintxoak jatera, animaliak ikusi eta herri kirolez gozatzera. Beti bezala, postuak jarriko dituzte herriko plazako eta Ikurrinaren Plazako arkupeetan, eta jan-edana izango da nagusi egun osoan zehar. Herri kirola beste protagonistetako bat izan ohi da festa egun honetan, eta aurten ere antolatu dituzte saioak: aizkoran, Jon Irazu zizurkildarra eta Joxe Mari Olasagasti igeldotarra ariko dira. Harrijasotzen, berriz, Xabier Aranburu
Guzta idiazabaldarra eta Jon Unanue
Goenatxo III.a azkoitiarra.
Umeentzat ere egun berezia izango da sanandresetakoa. Aurten ere, Marrazki eta Buztin Modela Lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute Azkoitiko eta inguruko herrietako gaztetxoek. Gero, lanen erakusketa ere jarriko dute.
Astelehena bitartean, ordea, bada zer egin Azkoitian. Igandean, esaterako, herriko baserritarren produktuak egongo dira salgai, goiz osoan zehar.
San Eloi jaiak, Landetan
Azpeitiko Landetan ere prest dute dena auzoko jaietarako. Asteartean hasiko dituzte ekitaldiak.
Marrazki eta Buztin Modela Lehiaketa, Azkoitian. (Nerea Uranga)
Egitaraua
AZKOITIA
Gaur, azaroak 27
22:30. Gurea udal pilotalekuan, Tabernarien Elkarteak antolatuta pilota partidak: Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo Alex Juaristi eta Teiletxearen kontra. Bigarren partidan, Saralegi eta Gorrotxategi Titin III.a eta Pascualen aurka.
Bihar, azaroak 28
11:00. Izarre Jandalo zelaian, San Andres Plater Tiroa, Orion elkarteak antolatuta.
16:00. Zubiaurre Igeri Elkarteak antolatuta, haurrentzako San Andres Igeri Saria.
18:00. Sahatsa Dantza Taldea, Iraurgi Abesbatza eta Azkoitiko Musika Bandaren jaialdia, Baztartxo antzokian.
22:00. Gurea pilotalekuan, San Andres Idi Dema Saria: Lopene, Telleria, Sagazulo eta Lopiortu.
Etzi, azaroak 29
10:00. Anaitasuna Kakute Xake elkartearen eskutik, XX. San Andres Torneoa, Kultur Etxean. Goizean zehar, Azkoitiko baserrietako produktuen erakusketa salmenta eta ehoziri lanen erakustaldia.
12:00. Bizkargi musika eskolako dantzariak, Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetako Kandiola dantza taldeak eta Txalkor txistulari taldea herriko kaleetan zehar ibiliko dira.
19:00. Urolatarrak txaranga kaleetan zehar.
20:00. San Andres Idi Dema Gurea pilotalekuan: Iñaki Lopetegi, Bixkiak eta Garagartze Elkartea.
Astelehena, azaroak 30, San Andres eguna
Egun osoan zehar, herriko plazako arkupeetan postuak egongo dira: taloak, txistorra...
10:00. Marrazki eta Buztin Modelaketa Lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
11:00. Herriko txistulari eta dultzaineroen kalejira.
11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
12:00. IV. Urkome Sarien sari banaketa, udaletxeko udal areto nagusian.
12:30. Herri kirol jaialdia, plazan. Aizkolariak: Jon Irazu eta Olasagasti. Harrijasotzaileak: Guzta eta Goenatxo III.a.
16:30. Marrazki eta Buztin Modela Lehiaketako sari banaketa, plazan.
17:00. Herriko pilota eskolak antolatuta, Kontzejupe Sariaren azkenengo pilota partidak jokatuko dira.
22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurea pilotalekuan: Usaisti, Mendigoiti eta Andrakas.
Asteartea, abenduak 1
22:00. San Andres Idi Dema saria, Gurean: Txauson, Olazar eta Kaminoko jatetxea.
LANDETA (AZPEITIA)
Abenduak 1, asteartea
14:30. Auzo bazkaria, Mendizabal jatetxean, bertsolariek eta soinujoleek alaituta.
Abenduak 3, osteguna
21:30. VII. Mus txapelketa azkarra, Mendizabal erretegian.
Abenduak 4, ostirala
21:00. Txerri boda, Landeta jatetxean.
Abenduak 5, larunbata
09:30. Mendi bizikleta lasterketa. Irteera Erreka Biketik. Gero, hamaiketakoa emango dute.
14:00. Asto-jana Mendizabal jatetxean. Aldez aurretik izena ematea komeni da.
Abenduak 6, igandea
12:00. Zezen txikiak eta Gorritiren abereak.
13:00. Herri kirolak. Honako aizkolariekin: Otaegi eta Larrañaga. Harrijasotzaileak, berriz, honakoak izango dira: Xabier
Busta eta Goenatxo III.a, Martin Mendizabal eta Eliasen ahalegina. Eta trontzariak honakoak: Aresoko neskak auzoko nesken kontra. Bertsolariak eta soinujoleak alaituko dute auzoa.