(E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Udalak herritarrekin eta eragileekin batera osatuko ditu 2016ko udal aurrekontuak. Azken urteetan bezala, Denon artean prozesuaz baliatuko dira, nahiz eta zenbait aldaketa iragarri dituzten. 18 milioi izango ditu erakundeak datorren urteko inbertsioetarako, 2015ean baino milioi bat gehiago.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du «hiru bide» landuko dituztela aurrekontuak zehazterakoan. Batetik, 2025eko Plan Estrategikoa izango dute oinarrian. Bestetik, kontuan izango dituzte alderdien eta teknikarien ekarpenak, baita langileenak ere. Bi bide horiez gain, herritarrengana joko dutela azaldu du: «Gardentasunez lan egingo dugu, eta dirua zertarako erabiltzen den azalduko diegu».
Aldaketak bideorrian
Herritarren iritzia jasotzerakoan, zenbait aldaketa iragarri dituzte. Izan ere, ez dute prestatu egutegi zehatz bat bilerak egiteko, beste urteetan egin bezala.
Josu Labaka udal zinegotziak jakinarazi du herritarrekin harremanetan daudela, eta «bide iraunkorrak» dituztela dagoeneko eragileekin eta norbanakoekin komunikatzeko. Hori dela-eta, erabaki dute arloz arlo eta mahaiz mahai adostuko dutela noiz egin aurrekontuei dagozkien batzarrak; eta, aurrez, publiko egingo dituztela datak, herritarrek aukera izan dezaten haietan parte hartzeko.
«Kirol, kultura, hezkuntza, gazteria, euskara, berdintasuna, jaiak eta beste arlo batzuetako eragileekin hitz egingo dugu, aurrekontuak eta hasi berri dugun agintaldirako asmoak lantzeko», nabarmendu du Labakak. Beraz, abendua bitartean egingo dituzte deialdi irekiak.
Bilerez gain, azaldu dute aste honetan jarriko dituztela buzoiak herrian, baita atal berezi bat udalaren webgunean ere. Gainontzeko urteetan ere erabili dituzte baliabide horiek Denon Artean egitasmoan.
«Plan estrategikoari begira aurrekontuak garatu, teknikari eta alderdien ekarpenak jaso, herritarrekin bilerak egin eta buzoi eta webguneko eskaerak jasoko ditugu. Ondoren, bide guztiak batuko ditugu abenduan, eta horrela osatuko dugu aurrekontua», azaldu du Estitxu Elduaien udal zinegotziak.
Alkateak esan du aurrekontuak abenduaren bukaerako udalbatzarrean onartzea dela beraien «apustua».
Auzoetan aukeraketak
Aurrekontuekin batera, Auzo alkateak berritzeko prozesua ere abiatuko du udalak. 2012an berreskuratu zituzten auzoetako alkateak, Labakaren arabera, «auzotarren beharrei erantzun eta elkarlana sendotu asmoz». Lasaoko, Matxinbentako, Urrestillako, Nuarbeko eta Aratzerrekako auzotarrek beraien ordezkariak aukeratu zituzten. Lau urte igaro dira, eta berriz zabalduko dute hautaketa prozesua.
Prozesuaren berri eman du Labakak: «Datozen bi asteetan, hautagaiak aurkeztu eta aukeratzeko prozesua hasiko du udalak, auzoz auzo. Aukeraketa prozesua gardena izango da: edozein auzotarrek izango du bere burua aurkezteko aukera, eta auzotar guztiek izango dute hautagaiak aukeratzeko eskubidea».