(E. Albizu Lizaso)
Mende erdia igaro da lanean hasi zirenetik, eta atzera begiratzea suertatu zaie, beste behin, Antxieta arkeologi taldeko kideei. 50 urte arbasoen aztarnen atzetik: hezurrak, margoak... denetik aurkitu dute bailaran eta inguruetan. Liburu batean jaso dute beraien ibilbidea: Antxieta Arkeologi taldea. 50 urte lanean gozatuz. Azpeitiko Udalak argitaratu du, pertsonak, azpiegiturak, argazkiak eta aurkikuntzak bilduta.
Andoni Albizuri Katxo eta Rafael Rezabal azpeitiarrak izan ziren taldeko aitzindariak; haiek aurkitu zuten Ekain, 1969an. Antxietako kideen arabera, «aurrera egiteko motibazioa» eman zien Zestoa eta Deba artean aurkitutako margoek. Denbora librean joatean ziren mendira, asteburuetan. Jose Migel Barandiaranek animatu zituen , eta baliabiderik ez bazuten ere, gogoz jarraitu zuten lanean.
Esker hitzak
Larunbatean aurkeztu zuten beraien ibilien inguruko liburua, Azpeitiko udaletxean. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eskerrak eman zizkien urteetan eginiko lanagatik: «Gure historiaurrea ezagutzeko ezinbesteko datuak lortu dituzte, benetako altxorrak; zer ginen, nola bizi ginen». Beraien lanari esker, datozen belaunaldientzat informazio ugari gordeko dela jakinarazi zuen alkateak. Hori dela-eta, «harro» zeudela esan zuen.
Banaka-banaka eskerrak eman zizkien alkateak, baita haien familiei eta Aranzadi zientzia elkarteari ere. «Antxietakoen lana ezinbestekoa da gure herriarentzat, iragana, memoria, gertatutakoa... atzera begiratzeak nor garen erakusten digu», esan zuen.
Bestalde, Juantxo Agirre Aranzadiko kideak ere goraipatu zuen Antxietakoen lana. Gogorarazi zuen hastapenetan, Frankismoaren garaian, kultura erakundeetatik sustatzen ez zen arren, haren alde lan egin zutenak bazirela, tartean, Antxietakoak. «Sinesgarritasuna dugu talde honekin, eta aurkitu dituzten aztarna guztiekin», azaldu zuen. Horrez gain, jakinarazi zuen aberria egiteko modu bat dela arkeologia ere: «Ikerlariok ezin dugu ezer egin Antxieta bezalako taldeen ekarpena gabe. Aztarnak aurkitu dituzte, baina aztarna ere utzi dute betirako».
Babesa jaso dute
Antxietako kideek Rezabal eta Albizuri izan zituzten hizpide, eta esan zuten haiek zein gainontzekoek taldeari «poza, ilusioa eta arkeologiaz gozatzeko gogoa» eman diotela. «Zale talde bat gara, ikasketarik gabekoa, baina beti lagundu izan digute», azaldu zuen Iñigo Olarte Antxieta arkeologi taldeko ordezkariak.
Aranzadiren, aldundiaren eta udalaren laguntza nabarmendu zituzten, besteak beste. Hala ere, aldarrikapen bat ere gin zuten: «Gipuzkoa da arkeologia museorik ez duen Espainiako estatuko probintzia bakarra. Dagokionari esan nahi diogu halako bat jartzeko unea dela». Azpeitiko Ingurugiro Etxean erakusketa bat izan zuten duela ez asko, baina museo baten beharra sumatzen dute arkeologi taldeko kideek.
Mende erdiko pasadizoak bildu dituzte 119 orrialdeko liburu batean. Kontakizunak, mapak, marrazkiak eta argazkiak, guztiak bat eginda atera dituzte. Dagoeneko udaletxean eta Udal Liburutegian aurki daitezke. Aurrerago, salgai jarriko dituzte prezio sinbolikoan.