Anari eta Ainara LeGardon Azpeitian izango dira, igandean

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 19a

‘Zure aurrekari penalak’ diskoa aurkeztuko du azkoitiarrak Sanagustinen. Ainara LeGardon artista bilbotarra ere Azpeitiko oholtzara igoko da, aurrenekoz.

Sanagustineko oholtzara igoko dira igandean Anari eta Ainara Legardon. Bi talde hauen jarraitzaileek 19:30etik aurrera dute hitzordua Azpeitiko kulturgunean. Sarrerak, entradium.com webgunean daude eskuragarri  10 euroren truke edo bestela Sanagustin kulturgunean bertan. Maiatzean auzkeztu zuen Anarik Zure aurrekari penalak (2015) bere azken lana eta ez da gelditu ordutik. Azkoitiarraren zazpigarren diskoa da, eta Euskal Herrian ez ezik, beste hainbat toki bisitatu ditu kontzetuak emateko. Azpeitiko igandeko emanaldiaren ondoren, esaterako, Bartzelonan izango dira Anari eta taldea, azaroaren 28an. Anari Alberdirekin batera, Xabier Olazabal Drake, Mikel Txopeitia, Borja Iglesias eta Mariano Hurtadok osatzen dute taldea.

Ainara LeGardon, Bilbotik

Ainara LeGardon artista bilbotarrak bere bakarkako bosgarren lana Every minute (2014) aurkeztuko du igandean, Sanagustinen. Dagoeneko hogei urte bete ditu oholtza gainean rock independientearen eszenan. Onion taldean hasi zen musika munduan, eta 1994tik 2003ra arte han ibili zen. Zigilu diskografiko propioa sortu zuen gero LeGardonek, Winslow Lab izenekoa, eta bakarlari gisa jarraitu du ordutik. Aurreneko aldiz igoko da artista bilbotarra Azpeitiko oholtzara, zain izango ditu Sanagustinen zaleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide