Astelehenean bukatuko da epea 'Gure inguruari begirada bat' lehiaketan parte hartzeko

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 13a

Irabazleen izenak asteazkenean jakinaraziko dituzte, eta hilaren 27an, ostirala, banatuko dituzte sariak.

Gure inguruari begirada bat lehiaketan parte hartzeko epea datorren astelehenean bukatuko da, hilaren 16an. Azpeitiko Udalak antolatu du lehiaketa, Agenda 21 egitasmoaren baitan, Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren laguntzarekin. 'Elikadura jasangarria -elikadura eta ingurumena-' da txapelketako gaia, eta helburua da "elikadurak eta ingurumenak duten harreman estua" ezagutaraztea. Irabazleen izenak asteazkenean, hilaren 18an, jakinaraziko dituzte. Azaroaren 27an, ostiralean, egingo dute sari-banaketa. Sariak aukeratzerakoan, honako irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak: gaiarekin duen lotura, originaltasuna, kalitatea eta gaurkotasuna. Esparru bakoitzean hiruna sari emango ditu Udalak. Horrenbestez, bederatzi sari banatuko dira, 100 eurokoak. Pertsona bakoitzak bederatzi argazki aurkez ditzake, gehienez; eta sari bakarra jasotzeko aukera izango du. Hiru gai landu daitezke lehiaketaren baitan:
  • Bertako produktuen azokak eta feriak.
  • Elikadura eta festak (produktuak, txapelketak, sagardo festa, txekorra, bazkari herrikoia...).
  • Elikagaien ekoizpen guneak.
Honakoa da argazkiak bidaltzeko prozedura:
  • Egile bakoitzak gehienez bederatzi argazki aurkez ditzake, hiru kategoria bakoitzetik. Formatu digitalean (CD batean grabatuta), 300mm x 200mm eta 300 dpi-etara, JPEG formatuan.
  • Egile berak aurkeztutako argazki bakoitzak kode bat izango du: lehenik, argazkia zein kategoriari dagokion zenbakia, ondoren gidoi baxu bat; segidan egileak aukeratutako lema eta ondoren beste gidoi baxu bat eta azkenik bere argazki zenbakia. Adibidez: (1 )_LEMA_ (2 ).jpg. (1): Kategoria. 1, 2 edo 3 (digito bakarra). LEMA: Egileak aukeratutako hitza, argazki guztietan berdina izango da. (2): Argazkiaren zenbakia, bi digito erabiliz (01,02,03...). Azaldutako moduan identifikatuta ez daudenak ez dira ontzat hartuko.
  • CD-a kartazal itxi batean sartuko da eta honekin batera, aparteko orri batean, egilearen izen-deiturak, harremanetarako telefonoa, NAN zenbakia, helbide postala eta helbide elektronikoa eta aukeratutako lema. Gainera, ezinbestean adierazi beharko da aurkezten dituen lanen zerrenda bakoitzaren kodearekin, kategoria eta argazki atera den tokiaren aipamena. Kartazalean, kanpotik, argazkilariak aukeratu duen lelo edo lema jarriko du argi eta garbi (hitz bakarra aukeratzea eskatzen da).
  • Helbide honetara bidali behar da guztia: Ingurumen Saila: Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketa. Plaza Nagusia 5, 20730, Azpeitia.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide