Apaolaza, Sota eta Hormaza, 'Jokoz kanpo' obrako aktoreak.
Umorea, drama eta magia; haur, heldu eta gazteentzat. Herriko aktoreak eta punta-puntako profesionalak. Denetik izango da aukeran asteburuan, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Izan ere,
Jokoz kanpo profesionalez osatutako obra,
Punto Ta Punto herriko emakume taldearen lana eta
Magia Lapurra estreinaldia eskainiko dituzte Soreasu antzokian.
'Jokoz kanpo’
Generoa. Satira, umorea.
Aktoreak. Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota.
Zuzendaria. Anartz Zuazua.
Ekoiztetxea. Borobil.
Manu eta Martin eskolako bi futbol entrenatzaile dira, eta talde banaren ardura dute. Manu ohituta dago irabazten; Martin, berriz, galtzen. Eskolako futbol txapelketako finalean, ordea, paperak aldatu egingo dira, eta orduan ikusiko da gizakiek zer jarrera hartzen duten halakoetan.
«Oinarrizko futbolari buruzko satira» gisa definitzen du obra Anartz Zuazua zuzendariak. «Futbolak gizakiaren onena eta txarrena ateratzen du, eta horri heldu diogu guk», esan du zuzendariak. Inprobisaziotik sortutako istorio originala da Jokoz kanpo, eta barreak ez du etenik obra guztian zehar. «Lau aretotan antzeztu dugu, eta oso harrera ona izan du jendearen aldetik», esan du. Eskualdean lehen aldiz aurkeztuko dute ostiralean.
Mikel Pagadik, Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak eta Zuazua berak idatzi dute istorioa, eta punta-puntako antzezleekin eman diote bizia. «Futbolean esaten den bezala, dream team-a osatu dugu».
Gizon zein emakumeek, adin guztietakoek, goza dezakete antzezlanaz: «Beraiek identifikatuta sentitzen ez badira, izango dute inguruan norbait antzezleen antzera portatzen dena». Zuazua «deseatzen» dago ostiralean Azpeitira etortzeko, «beti» izan duelako topaketetan parte hartzeko gogoa: «Erreferenteak dira euskarazko antzerkigintzan».
‘Punto Ta Punto’
Generoa. Umorea eta tragedia.
Aktoreak. Ane Arenas, Amaia Garmendia, Erika Olaizola, Eneritz Arzallus, Mari Karmen Borda, Haizea Egiguren, Garazi Agirre, Uxoa Ibarreta eta Irene Alberdi.
Zuzendaria. Alaitz Olaizola.
Ekoiztetxea. Azpeitiko Emakume Tailerra.
Emakume baten bizitzaren inguruan hausnarketa egin eta eginarazi nahi duen obra da Punto Ta Punto, eta «izenburuak lotura du horrekin», Alaitz Olaizola zuzendariaren arabera. Emakumearen bizitza aztertuko dute, eta ikusiko dute pertsonek zenbateraino duten erabakiak hartzeko eskubidea edo intimitatea izatekoa. Herritik eta herriarentzat sortutako obra da Punto Ta Punto, tailerreko beste lanak bezala. «Plaza ederra dira topaketak, eta jendearen berotasuna espero dugu», nabarmendu du. Bigarren aldiz antzeztuko dute, eta «espiritu berarekin» igoko dira oholtzara.
Babesa ematera joateko eskatu die Olaizolak ikus-entzuleei: «Gure lana eta bizitza dugun aktoreak gara, eta jendearen indarra asko eskertzen dugu».
‘Magia Lapurra’
Generoa. Haurrak.
Aktoreak. Asier Kidam, Alfonso Diez, Iraitz Lizarraga eta Bittor Agirre.
Zuzendaria. Begoña Bilbao.
Ekoiztetxea. Txalo.
Dorleta neska gaztea liluratuta dago magiarekin, eta mago laguntzaile izateko proba batera aurkeztuko da. Mago baten ordez lapur batek egingo dio proba Dorletari, eta buelta emango du istorioak: bat egingo dute Dorletak eta lapurrak, magoari ziria sartzeko. Ez dakigu zer gertatuko ote den ondoren.
Magia, musika, ilusioa eta zalaparta nahastuko dira obran, eta pianistak zuzenean jarriko dio musika antzezlanari.
Egitaraua
Azaroak 13, ostirala
21:30. Jokoz kanpo lana, Borobil Teatroaren eskutik. Soreasun.
Azaroak 14, larunbata
21:30. Punto Ta Punto lana, Azpeitiko Emakumeen Tailerrekoekin. Soreasu antzokian.
Azaroak 15, igandea
18:00. Magia Lapurra lana, Txalo antzerki taldearen eskutik. Soreasu antzokian.