Leku desberdina, balore berak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 13a

(E. Albizu Lizaso) Auzo bizia da Sanjuandegi, bere 4.000 bizilagunekin. Horretaz jakitun, 2008an sortu zuten XJ Auzolanean taldea. «Festak antolatzen zituen gazte taldeak ikusi zuen, jai onak egiten ziren arren, urtean zehar nahiko itzalduta egoten zela auzoa», azaldu dute Aitor Beloki eta Oier Salegi XJ Auzolanean taldeko kideek. Orduan eman zuten «aurrerapausoa», eta taldea sortu zuten, auzoan zeuden beharrak asetzeko. XJ Auzolanean sortu zenean, ordea, auzoan ez zuten biltzeko lekurik: «Lokala auzoarentzat! kanpaina jarri genuen martxan, eta 350 sinaduraz gain, auzoko tabernari eta dendarien atxikimenduak bildu genituen, txoko bat izan genezan», azaldu du Belokik. 2010ean lortu zuten Sanjuandegiko auzotarrek lokala, eta 2012an inauguratu zuten, Iluntze izenarekin. Halere, jabetza pribatukoa zen, eta errenta ordaintzen zuten: «Udalaren diru laguntza geneukan errenta ordaintzeko, baina ez (E. Albizu Lizaso) zen geure lokala, gabezia hori zuen». Udalak igerileku berria egin zuenean, aukera eman zien XJ Auzolanean taldeko kideei bertan txoko bat izateko. «Erdigunean zegoen lokal bat nahi genuen», nabarmendu du Salegik. Gaur bertan inauguratuko dute auzo lokal berria, 19:30ean, eta auzotar zein herritar guztiak gonbidatu dituzte hura ezagutzera. Luntx bat jarriko dute aro berriari hasiera emateko. Hiru hilabete inguru daramatzate lokala prestatzen XJ Auzolanean taldeko kideek. Taldekideez gain, bestelako auzotar eta herritarren laguntza izan dute txokoa txukuntzerakoan; esate baterako, lokaleko paretak pintatzen lagundu diete. Auzolanean moldatu dute tokia, taldearen filosofiari men eginez. Eragile eta herritarrekin elkarlana lantzen ari da 2008tik XJ auzolanean, eta lokala prestatzerakoan ere hori kontuan izan dute: «Elkar-ekinen bigarren eskuko azokara ere joatekoak gara, eta handik erosi nahi genituzke gure lokalerako altzariak».

Hamaika ekintza

«Auzotar guztientzat ateak irekita» izango dituen lekua da lokala. Hamaika erabilera emango dizkiote. Mintzapraktiketako saioak, adibidez, hantxe egingo dituzte, baita auzoko batzarrak ere. Horrez gain, hitzaldiak eta dokumental emanaldiak antolako dituzte, orain artean bezala. Bestalde, gogorarazi dute Sanjuandegiko bizilagun guztiek dutela aukera lokala erabiltzeko: etxepeko bilerak, familiako otorduak, haurren meriendak... Horretarako, aurrez tokia hartu behar da, 645-47 17 00 telefono zenbakira deituta edo xjauzolanean @hotmail.com-era idatzita. «Lokala edonorentzat eta edozertarako da, irabazi asmoa duten negozioetarako izan ezik», azaldu dute Belokik eta Salegik. XJ Auzolanean-eko ordezkariek behin eta berriz diote festetatik at auzoari bizitza ematea dela beraien helburua. Horretarako, saiatzen dira beste eragile batzuekin elkarlanean ekintzak antolatzen: «Azaroan kantu-poteoa egingo dugu Baigerarekin, abenduaren 19an Azoka Herritik egingo dugu auzoan eta txakur krosa ere abenduan izango da, gure babesarekin». Auzoko bizilagunentzat «erreferente edo laguntzaile» izatea ere nahi dute, hau da, prest daude auzotarrei laguntzeko udalean eskaerak egiterakoan, proposamenak lantzerakoan edo proiektu berrien garapenean. «Udalak abian jarritako Denon Artean prozesuan ere parte hartu genuen auzoko diagnostiko bat eginda», azaldu dute. Ikusten dute, apurka-apurka, bizia hartzen ari dela Sanjuandegi: «Kaleko jendea ere oroitzen da gurekin, eta gero eta ekitaldi gehiago egiten dira hemen». Hala ere, nabarmendu dute bizilagunen esku dagoela indarra ematea auzoari, atzerritik auzora joandakoak izan dituzte hizpide: «Extremaduratik etorritako jende asko dago auzoan, eta guretzat lorpen handia da haiek Mintzapraktika saioetara animatzea, hesiak hausten ari gara, eta bide hori jorratzen jarraituko dugu», adierazi dute. Lekuz aldatu badira ere, baloreak mantendu ditu XJ Auzolanean-ek, eta auzotarrak animatu dituzte taldearekin bat egitera.

Inaugurazio ekitaldia gaur, 19:30ean

XJ auzo lokala gaur inauguratuko dute, 19:30ean. XJ Auzolanean elkarteko kideek auzotar eta herritarrak gonbidatu dituzte bertara: «Gaurtik aurrera, irekita egongo dira lokaleko ateak auzoko denentzat». Lokalean, erakusketa txiki bat jarri dute auzoko jaietako argazki eta egitarau zaharrekin. (E. Albizu Lizaso)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide