(E. Albizu Lizaso)
Nina Hagen abeslari alemaniarraren disko batekin hasi zen bidea. Ondarroako bi gazte ziren Txomin Uribe eta Josu Aranbarri, eta disko-jartzaile lanetan aritzen zen Uribe. «Ezagutzen ginen eskolatik, baina urtebeteko aldea genuenez, ez genuen inoiz hitz egin elkarrekin. Hagenen diskoa eman zidan saio batean, hura jar nezan, eta hor hasi zen guztia», azaldu du Txomin Uribe Piztiak taldeko gitarrista eta abeslariak. Hastapenetan, Aranbarri, Uribe eta haren anaia Kirmen Uribe ziren taldeko kideak, 1985 inguruan. «Ni izan nintzen Kirmenen lehen letrak abestu zituena. 13 urte zituen orduan», azaldu du Txomin Uribek.
Garai hura igarota, Piztiak izan aurretik, TU-k taldea sortu zuten Ondarroako eta Mutrikuko lau lagunek. Gaur gaurkoz, Uribe eta Aranbarriz gain, Peio Larrañaga Azkoitiko bateria-jotzailea eta Jesus Galan Azpeitiko gitarrista dira taldeko kide. U diskoa da beraien lan berriena, zazpigarrena, eta Durangoko Azokan jarriko dute salgai bigarren edizioa. Abesti berri batekin aterako dute edizio berria.
Ibilbide polita du dagoeneko Piztiak-ek, eta musikarien gisa, beraien doinuak ere aldatu dira urteekin: «Poperoak ginen lehen, eta orain rockeroak gara». «Entzuteko erraza» da disko berria, Uriberen arabera, eta emaitza onak ari dira izaten. «Disko bakoitzak bere bizitza dauka, gorabehera asko izan ditugu urteetan, eta orain U-ren unea iritsi da. Indarra duen diskoa da», azaldu du gitarrista eta abeslariak.
500 disko saldu dituzte, eta beste 500 jarriko dituzte orain. Disko honetan, gainera, kolaboratzaile bat izan dute, eta Brasilgo gitarra, mandolina, perkusioa eta abar txertatu dituzte. «Positiboa» da U, musika eta letretan; ez da beste lan batzuk bezain «iluna». Diskoak erakusten du «aurrera» egin behar dela bizitzan, «garraztasunak» badiren arren, gauza onei heldu behar zaiela. Musikariek sumatu dute han eta hemen ezagutzen dituztela beraien kantak: «Hori oso gauza handia da».
Ondarrutarrez kanta
Euskalkiaren alde egin dute azken lanean. Lehendik ere egin izan dizkiote keinuak ondarrutarrari, baina oraingoan, ia guztia abestu dute euskalkian. «Gu hasi ginenean, gaizki zegoen ikusita bizkaiera, batik bat, ondarrutarra. Azpeitiarrek esaten zidaten ez nindutela ulertzen, eta ‘ondo’ hitz egiteko. Ulertuak ez izateko konplexu hori izan dugu, baina ari da normalizatzen egoera», dio Uribek.
Zaletasuna da musika Piztiak taldeko kideentzat, eta «onura asko» ekartzen dituela uste dute: «Pozik bizi gara musikari esker, eta ez gara psikologoarengana joaten». 30 urte ezin dira iraun musikatik bizitzen, edo «oso zaila» da, behintzat, Uriberen hitzetan. «Gustuz» egiten dute musika, eta ostiralero biltzen dira Urrestillako lokalean entseatzeko.
Talde bat da Piztiak, «bloke bat», eta teknikoa ere bidelagun dute beti. «Lagunak gara, oholtzan eta oholtzatik kanpo, eta hori nabaritzen da jotzen dugunean», nabarmendu du.
Ikastolako sentimendua
Txomin Uribe ikastolan ikasia da, eta orain guraso da bertan. «Oso pozik gaude urteurren egitarauan parte hartzeko aukera eman digutelako», adierazi du. Haurrak, gurasoak, lagunak; guztiak bilduko dira larunbateko kontzertuan, Sanagustin kulturgunean.
Disko berria aurkeztu zutenetik ez dute kontzerturik eman Azpeitian. Hamairu saio izan dituzte abesti berriekin, baina ez dira iritsi oraindik bailarara. «Gogo handia» dute Azpeitian jotzeko, lagunartean, ikastolan bezala.