Roselis Silva: "Talentua izateak ez du ezertarako balio espiriturik ez baduzu"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 11

(E. Albizu Lizaso) Komunikazioa ikasi zuen Roselis Silva (Caracas, Venezuela, 1991) Rioja Añares saskibaloi taldeko jokalariak, eta kazetari baten aurrean esertzea suertatu zaio. «Une honetan saskibaloia da nire ofizioa, eta epe luzera pentsatzen dut kazetaritzarekin», azaldu du taldeko baseak. Kirol komentarista izan nahi luke, baina 40 bat urte egitean, saskibaloiaz nahikoa gozatzen duenean. Joan den astean aukeratu zuen Espainiako federazioak Lehen Mailako asteko hamabost jokalari onenen artean. Noiz eman zizuten Azpeitira etortzeko aukera? Eskaintza egin zidatenean, Panamerikako txapelketa jokatzen ari nintzen Kanadan. Lehendik Espainian izanda nengoen, eta pentsatzen dut orduan ikusiko nindutela. Ez nuen gehiegi pentsatu, hauxe baita nire ilusioa, saskibaloiaz bizitzea. Zein izan da zure ibilbidea saskibaloi jokalari bezala? Sei urte nituenetik nabil saskibaloian, eta 14 urterekin hasi nintzen Venezuelako selekzioan jokatzen. Ondoren, 18 urterekin, Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen, eta Kansas unibertsitateko taldean jokatu nuen. 22 urterekin berriro joan nintzen Venezuelara, selekziora, eta hemen nago orain. Zein da zure postua jokoan? Normalean base bezala jokatzen dut, baina tokatu izan zait beste postu batzuk probatzea ere. Hala ere, basea naiz ni, eta leku horixe gustatzen zait gehien. Jokalari bezala, zein dira zure indarguneak? Jaurtiketa onak egiten ditut, abiadura ere ona dut, eta defentsan aurre hartzeko ere abilezia daukat. Halere, nik beti pentsatzen dut hobetzen joan behar dudala, eta ez naiz gauza horiekin itxutzen. Taldea zer moduzkoa da? Hasieran uste nuen deseroso sentituko nintzela hemen. Aurpegi oso serioa ikusten nien taldekideei. Apurka-apurka ezagutu ditut, eta ikusi dut pertsona atseginak direla. Denean laguntzen didate: kantxa barruan eta handik kanpo. Hori da taldearen berezitasuna, asko gustatzen zait laguntasun hori, eta beraiei esker nago hain gustura hemen. Integrazioa erraza izan da, beraz? Bai. Taldekideak saiatu egin dira hau guztia niretzat erraza izan dadin, lan handia egin dute. Kultura desberdinetakoak gara, ohitura eta bizimodu desberdinekin, eta uste nuen zailagoa izango zela guztia. Denok helburu bera dugu, eta agerian da beraiei ez zaiela axola ni non jaio nintzen; kantxan egiten duguna eta elkarrekin konpartitzen duguna da benetan garrantzitsua. (E. Albizu Lizaso) Orain artean ez duzue lortu partidarik irabaztea, baina borrokan jarraituko duzuela esaten duzue behin eta berriz. Lehen aldiz ari naiz profesional bezala jokatzen, beraz, beraientzat bezala, niretzat ere hau oso handia da. Borrokalariak gara, ez du inporta nola dagoen markagailua, beti egiten baitugu ahalegina. Gure helburua da aurten garaipen bat baino gehiago lortzea. Orain arte bezala lana egiten jarraituz gero, lortuko dugu. Azken partida oso parekatua izan da, ezta? Bai. Azken jokaldiak gure esku egon ziren, gainera, eta lan ona egin genuela uste dut. Tamalez, ez genuen garaipena lortu, baina argi dut sorpresa batzuk emango dizkiegula liga honetako taldeei. Talde bezala, zertan hobetu beharko zenukete? Gure garaiera ahultasun bat da. Gurekin alderatuta, askoz altuagoak dira beste taldeetako jokalariak. Kanpotik jaurtiketa gehiago egiten hasi behar dugu, eta defentsan kontzentratzen, hori ere landu beharra daukagu. Zertan ikusten duzu ondo taldea? Abiadura eta bihotza. Kirolean, talentua izateak ez du ezertarako balio espiriturik ez baduzu. Guk ez ditugu gaitasun bereziak beste taldeekin alderatuta, baina jokatzeko eta hobetzeko grina dugu. Taldekideek lana egin nahi dute beraien herriaren izenean eta haren alde, eta harro sentitzen dira Azpeitia eta Azkoitia ordezkatzeaz. Beraz, ni ere bai. Hilabete batzuk daramatzazu hemen. Herrira egin zara? Dena uste nuena baino errazagoa izan da. Hemengo eguraldia da, agian, nire arazoa: ez naiz ohitzen hotzera. Jendea oso atsegina da, eta saskibaloia asko jarraitzen dute. Ezezagunek kalean gelditzen naute zer moduz nagoen galdetzeko eta jokoaz hitz egiteko. Hori pentsaezina da Venezuelako emakumeen taldeetan. Kiroldegia ere betetzen duzue. Bai, eta asko laguntzen digu. Horrek esan nahi du saskibaloia jarraitzeaz gain, azpeitiarrek emakumeen saskibaloia ere jarraitzen dutela, eta hori benetan da ederra niretzat. Gainera, inork ez digu aurpegiratu zortzi partida galdu ditugunik; alderantziz, komentario guztiak aldekoak eta animoak emateko izan dira. Nolakoa da zure egunerokoa? Goizean gimnasiora joaten naiz, eta jaurtiketak egiten pasatzen dut goiza. Bazkalostean, atseden hartu, eta berriro joaten naiz kiroldegira pisua jasotzera; eta, ondoren, taldekideekin entrenatzen dut, 20:00etatik 22:00etara. Entrenamendurik ez dudanean lo lasai egitea gustatzen zait. Zein da zure helburua? WNBA emakumeen goreneko ligan edo Europako talde entzutetsu batean jokatzeko aukera izatea da nire ametsa, eta uste dut orain artean bezala saiatuta lortuko dudala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide