Sufritu duen inor ez duela baztertuko berretsi du Azpeitiko Udalak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 10a

Ehun lagun inguru bildu dira gaur, asteartea, biktimak eta memoriaren eguneko elkarretaratze isilean.

(E. Albizu Lizaso) Ehun lagun inguru bildu dira gaur, memoria eta bizikidetzaren egunean, Azpeitiko plazan, biktima guztien omenez. Deialdi bateratua egin zuten udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, eta herritarren erantzuna jaso dute. Elkarretaratze isila egin dute enparantzan, hamabost minutuz; eta, aurrez, aiderazpen instituzionala onartu dute ezohiko udalbatzan. Bizikidetzaren aldeko apustua indartzeko "beste pauso bat" da egun hau, adierazpenean jaso dutenez. "Lehentasun" gisa jarri dute bakea eta bizikidetza lortzea udala osatzen duten alderdiek. "Oroimenarekin eraiki nahi dugu etorkizuna, eta sufrimendu guztiak aitortu nahi ditugu, ez dugu sufritu duen inor baztertzerik nahi", nabarmendu dute. Beraz, aitortza egin nahi izan diete "guztiei". Beraien esku dauden baliabide guztiak jartzen jarraituko dutela jakinarazi du Udalak, "elkarbizitzaz eta errespetuz, gure herria eraikitzen jarraitzeko". Memoriaren eguneko aiderazpen instituzionala da honakoa:
Gaurko eguna bizikidetzaren aldeko apustua indartzeko beste pauso bat emateko erabili nahi dugu. Azpeitiko Udalean ordezkatuta gauden alderdi politikoentzat lehentasuna da oroimenean oinarritu behar den bakea eta elkarbizitza lortzea, eta bide horretan gure konpromisoa adierazi nahi dugu; denok eraiki behar ditugu zubiak, denok dugu elkarrekin bakean bizitzeko eskubidea, askatasunean eta inor baztertu gabe. Hamarkada luzeetan azpeitiarrek asko sufritu dugu. Aranzadi elkarteak gure herrian egindako lanketek, hamarkadetan biolentzia ezberdinak eraginda mota guztietako giza-eskubideen urraketak sufritu dituzten herritarren errelatoak jaso dituzte. Jabetzen gara zerrendatutakoak baino biktima gehiago daudela, beraz, emandako pausoa osatu beharreko lan baten hasiera da, tamalez, gaur egungo urraketak ere gehitu behar dizkiogu. Denok, "egia" osoa jakiteko eskubidea dugu, eta horri behar bezala erantzuteko konpromisoa hartzen du Azpeitiko Udalak. Horretarako, elkarlanerako eskua luzatu nahi dizuegu herritarroi ere. Oroimenarekin eraiki nahi dugu etorkizuna, eta sufrimendu guztiak aitortu nahi ditugu, ez dugu sufritu duen inor baztertzerik nahi. Iraganera sakon begiratu behar dugu, espiritu kritikoarekin eta zintzotasun osoz atzera buelta gabeko mina jaso duten herritarrei min horren aitorpena egiteko. Adierazpen honekin guztiei errekonozimendua egitea nahi diegu. Ezin dugu iragana aldatu, baina bai etorkizuneko ikasgai sakonak atera, eta gertatutakoaren kontzientzia izan, berriro gertatu ez dadin. Elkarbitzitza eraikitzea denon ardura da eta horren aldeko konpromiso zabala behar dugu. Bakoitzak bere esparrutik, elkarrekin errespetuz bizitzen ikasi behar dugu, gure etorkizun oparoago baten oinarriak finka ditzagun. Azpeitiko Udaleko ordezkariok, gaurkoan, konpromiso publiko bat hartzen dugu: gure esku ditugun bitarteko guztiak jartzen jarraituko dugu, gure herriko memoria konpartituta, elkarbizitzaz eta errespetuz, gure herria eraikitzen jarraitzeko.
Biktimaren egunaren harira, herriz herri egin dituzte elkarretaratzeak Urola Kostan. HITZAk zerrenda bat egin zuen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri txostenak erabilita, 1960 eta 2010 artean eskualdean hil dituzten pertsonekin. Txosten horiek plazaratu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkateak memoriaren institutuan Urkullu, Ezenarro eta Fernandezekin bildu ostean. Eneko Etxeberria alkateak iritzia argitaratu zuen horren harira. Azpeitiko Udalak eta Aranzadik 1960tik 2014 bitarteko giza eskubideen urraketen txostena egin zuen joan den urtean, eta otsailean aurkeztu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide