(Gorakada Teatroa)
Itsasoko abenturak lantzen ditu Moby Dick antzezlanak. Zer aurkituko du ikusleak etzi?
Herman Melvillen eleberri ospetsuaren antzerkirako egokitzapena da. Protagonistek itsasoko bizimoduaren gorabeherak biziko dituzte, umore kutsu handiz beti, eta beste kultura batzuetako jendea ezagutuko dute. Finean, ondo pasatzeko aukera izango dute umeek eta helduek.
Umeentzako eta helduentzako antzezlana da Moby Dick, eta umorea lantzen duena.
Dudarik gabe barre egiteko aukera izango du ikusleak. Umore zuria da, eta adin guztietakoentzako modukoa.
Ismael pertsonaiaren papera egiten duzu. Nolakoa da?
Bale arrantzaleen bizimodua ezagutu nahi duen gaztea da. Marinela izandakoa, baina ez da sekula baleontzietan ibili. Baleek liluratzen dute, eta haiek arrantzatzeko ontzi batean sartu nahi du, ezagutza berriak izateko. Bizimodu horren gorabeherak deskubrituko ditu Ismaelek eta, ikuslea ere ohartuko da mundu horren berezitasunaz.
Arrantzaleen ofiziora gerturatzen da, beraz, Moby Dick.
Bale arrantzaleen bizimodura zehazki. XVIII. mende erdiko fenomenoa izan zen hura, beraz garai hartako arrantza mota erakusten digu. Egia da ez dela hainbeste aldatu ordutik. Arpoiak eta sokak hartuta joaten ziren arrantzara. Hain zuzen, antzezlana prestatzen ari ginela zuzendariak 80ko hamarkadako bideo bat erakutsi zigun, eta gutxi gorabehera halaxe arrantzatzen zuten, arpoiekin eta sokekin, ehun urte geroago.
Noiz estreinatu zenuten?
Urriaren 25ean estreinatu genuen, Santurtzin. Gaur Berrizen izango gara; bihar Donostiako Gazteszenan; eta, igandean Azpeitian. Azaroa beteta dugu, eta abendurako lotuta ditugu hainbat hitzordu, tartean Zumaiakoa. Aita Mari antzokian izango gara abenduaren 13an.
Nola bizi du aktoreak hiru egun jarraian oholtzatik jaitsi gabe aritzea?
Nahikoa lan fisikoa da gurea, eta nekatuta amaitzen duzu horrelakoetan. Hala ere, lana izatea da garrantzitsuena, beraz ongietorria izan dadila.
Jose Carlos Garcia zuzendaria portugaldarra da. Posible da hizkuntza jakin gabe euskarazko antzezlan bat zuzentzea?
Zuzendariak oso ondo menperatzen du obra, eta nahiz eta guk euskaraz entseatu ez dago inolako arazorik. Gainera, obra aurkeztu ostean, ezer gutxi du egiteko zuzendariak. Dagoeneko Portugalen dago.