Euskara, herritarrak batzen dituena

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko azaroaren 6a

Ikasturte hasierako ekitaldia (E. Albizu Lizaso) Helduak euskalduntzeko erronkari «seriotasunez» heldu diote Azpeitian. 150 pertsona inguru ari dira hizkuntza ikasten eta hobetzen, udal euskaltegian, mintzapraktika saioetan edota Auzoko egitasmoan. Ikasturte hasierako ekitaldia egin zuten asteazkenean, eta herritar guztiak desberdinak izan arren, ezaugarri komuna aurkitu dute: «Gu guztiok euskarak batzen gaitu». Denetik bildu ditu udal euskaltegiak 30 urtean: Azpeitian jaioak, atzerritarrak, euskaraz ez dakiten pertsonak edota hizkuntza horretan alfabetatzeko aukerarik izan ez dutenak. Aurtengoan, 105 pertsonarekin ekin diote 31. ikasturteari. Udal euskaltegiko eskolen osagarri dira Topagunea eta udalaren Auzoko egitasmoa, Euskal Herritik kanpo sortutako pertsonak euskarara hurbiltzeko ahalegina egiten duena, edo mintzapraktika saioak, herri ekimenetik sortutako solasaldiak. Bi egitasmo horietan ere, 40 pertsonatik gora dabiltza. Hizkuntza bat, hamaika pertsona eta euskara lantzeko hiru bide. Guztiak osagarri eta beharrezko. Josu Labaka Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotziaren arabera, «garrantzia» ematen diote udalaren eta herriaren arteko «elkarlanari», eta horren erakusle da hiru egitasmoen arteko «kohesioa».

«Merezi du»

«Harremanak hobetzeko behar dugu euskara; izan ere, Azpeitia herri euskalduna da», esan du Julia Alvarez Udal Euskaltegiko ikasleak. Lau urte daramatza Gonzalo eta Rodriguez, mintzapraktiketako kideak (E. Albizu Lizaso) euskarazko eskolak jasotzen, eta esfortzuak fruituak ematen dituela ikusi du. Alvarezekin batera dabil euskaltegian Montse Carmona, eta hark lanarekin ere lotzen du: «Ikusten dut lanerako ere beharrezkoa dela euskara, Azpeitian lana egin behar baduzu bai, behintzat». Bi orduz egoten dira bi azpeitiarrak euskaltegian, «txintxo-txintxo», eta «asko» ikasten ari direla nabarmendu dute: «Oso giro ona dugu euskaltegian, eta hori oso garrantzitsua da; bestela, ezinezkoa da honi aurre egitea». Bi ikasleek animatu dituzte herritarrak pauso bat eman, eta euskaltegira joatera, «merezi du esperientziak». Maite Gonzalo eta Beatriz Rodriguez, berriz, mintzapraktika saioetara joaten dira, Sanjuandegi auzoan. Bertan «askatu» egiten direla azaldu dute. Hizkuntza ulertzen dute, urteak daramatzatelako herrian, baina ulertzetik erabiltzera bitarteko muga hori igarotzeko laguntza behar dute. Aurten hasi dira horretan Gonzalo eta Rodriguez. «Euskaraz nahi dut hitz egin, Azpeitian bizi naizelako, eta jendeak euskara erabiltzen duelako», azaldu du Rodriguezek. Gonzalok euskararen falta sumatzen du lanean, bilobekin komunikatzean eta lagunekin biltzen denean. «Jarioa hobetzen» ari direla sumatu dute bi emakumeek: «Udaletxera joatean, eskaerak euskaraz egiten ditut jada, gero ez naiz gai elkarrizketa osoa euskaraz egiteko, baina egin dut lehen urratsa», dio Rodriguezek. Kezkak kezka, ez zioten buelta gehiegi eman Mintzapraktika saioetan izena emateari, «pentsatu eta egin» egin zuten: «Orain euskararen unea da». Carmona eta Alvarez, udal euskaltegiko ikasleak (E. Albizu Lizaso)

Doakotasuna ezaugarri

Udal ordezkariek herritarren «esfortzua» nabarmendu dute: «Herritarrak euskara ikasteko egiten ari diren ahalegina balioan jarri nahi dugu, Azpeitia arnasgunea den arren, guztiek ez baitute euskara belaunaldiz belaunaldi jaso. Herritar horiek ere, jakina, garrantzitsuak dira guretzat», esan du Labakak. Eneko Etxeberria alkateak «lan isila» aipatu du, ikasle guztiena, irakasleena edota boluntarioena: «Haiengatik da posible hau guztia». Hori dela-eta, udalak «ahalegina» egiten du denek aukera izan dezaten euskara doan ikasteko. Etxeberriak uste du guztien eskubidea dela hizkuntza ikastea; eta udalaren betebeharra, berriz, tresnak eskaintzea. «Euskara da herri hau ezagutzeko erreminta, Azpeitia ezagutzekoa, baita Euskal Herria ezagutzekoa ere. Erraztasunak eman behar ditugu prozesuan». «Euskarari lotutako herrian» bizi dira azpeitiarrak Labakaren hitzetan: «Herritarrek eginiko apustuari esker da Azpeitia horren euskalduna».

Boluntarioen garrantzia

Ikasle eta irakasleek esfortzu handia egiten badute ere, euskalduntzeko prozesuan leku nabarmena dute boluntarioek ere. Mintzapraktiketan eta Auzoko egitasmoan, euskaldun zaharrak edo euskaraz aise hitz egiten dutenak dira gidari eta laguntzaile. Bi egitasmoetako ordezkariek eskatu diete herritarrei beraien hondar alea jartzeko. Mintzalagunak behar dituzte mintzapraktiketako kideek, eta auzotarrak, berriz, Auzokokoek. Interesa dutenek ikasleen bide berak jarrai ditzakete izena eman eta proba egiteko. Sentsibilitate eta sentipen desberdineko herritarrak batzea lortu du euskarak, eta soka hori sendotzeko ahaleginean jarraituko dute azpeitiarrek.

Euskara ikasteko aukerak

Udal euskaltegia

Izaera. Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuko euskaltegia da. HABEk arautua da, eta ziurtagiriak ateratzeko prestatzen dituzte ikasleak. Udalak finantzatzen du, eta bekak eskaintzen dituzte hizkuntza ikasteko. 31. ikasturtea du aurtengoa. Ikasleak. 105 matrikula dituzte. Maila guztietako ikasleentzat dute eskaintza, hamar taldetan banatuta; lehen urratsetik hasi, eta laugarren maila (C2) bitartekoak. Matrikulazioa. Dagoeneko matrikulatzeko epea bukatu bada ere, onartzen dituzte ikasle berriak, laugarren mailan izan ezik. Euskaltegiarekin harremanetan jarriz gero, herritarrek aukera dute taldeetan sartzeko. Kontaktua. Perdillegi 1 helbidera joanda (musika eskolaren azpian); euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzita edo 943-81 19 47 telefonora deituta.

Mintzapraktikak

Izaera. Herritar talde batek sortutako mintzapraktikak dira. Sanjuandegi auzoan biltzen dira, eta kafearen bueltan hitz egiten dute euskaldun zahar eta berriek. Urtebete daramate lanean. Ikasleak. 34 ikasle daude, eta hamar boluntario inguru. Lau mailatan dituzte banatuta, eta asteazken eta ostiraletan biltzen dira. Matrikulazioa. Izena eman daiteke oraindik, eta doakoa da. Kontaktua. Euskaltegiaren bitartez eman behar da izena. Perdillegi 1 helbidera joanda (musika eskolaren azpian); euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzita edo 943-81 19 47 telefonora deituta.

Auzoko egitasmoa

Izaera. Topagunearen zerbitzua da, udalak finantzatua. Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonak euskarara gerturatzeko egitasmoa da, euskara izan dadin haien integraziorako tresna. Ikasleak. 5 ta 10 ikasle artean dituzte, baina saioak irekiak direnez, zifra ez da zehatza. Ez dute hizkuntza menperatzen. Astearte iluntzetan biltzen dira. Matrikulazioa. Edozein unetan eman daiteke izena, eta doan da. Kontaktua. 661-74 35 01 telefonora deituta edo azpeitia.auzoko@topagunea.org helbide elektronikora idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide