Parisen dira azpeitiarrak, 'Pow'-ren epaiketa jarraitzen

Urola Kostako Hitza 2015eko azaroaren 3a

Atzo, astelehena, hasi zen Josu Urbieta 'Pow' eta beste bost lagunen aurkako epaiketa Parisen (Frantzia), eta azpeitiar talde bat joan da hirira.

Atzo, astelehena, joan zen Azpeitiko talde bat Parisera, Jose Urbieta Pow-ren epaiketa jarraitzera. Atzo bertan hasi zen auzia, eta bost astez luzatuko da. Urbieta eta beste bost kide epaituko dituzte, eta abenduaren 3an jakinaraziko dute epaia. Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik ari dira epaitzen Josu Urbieta, Arkaitz Agirregabiria, Mikel Karrera, Izaskun Lesaka, Xabier Goienetxea eta Joseba Fernandez. Arkaitz Agirregabiriak zera esan zuen atzoko saioan, "ustekabeko borroka batean" hil zela Nerin. Frantziako poliziak hasi ziren tiroka, Agirregabiriaren arabera.

Mobilizazioak

Epaiketa dela-eta, mobilizazioak deitu dituzte Azpeitian. Urbietari eta haren senideei "babesa eta elkartasuna" adierazteko, eta "konponbidearen norabidean horrelako eraso gehiago" ez dutela nahi adierazteko, hainbat egitasmo antolatu dituzte herrian. Atzo, astelehena, elkarretaratzea egingo zuten plazan. Gaur, asteartea, berriz, ikasleek elkarretaratzea egin dute. Bestalde, ostiralean beste bilkura bat egingo dute plazan; eta hilaren 13an, Sanjuandegiko Izaro tabernaren aurrean. 20an, anbulatorio aurrean bilduko dira herritarrak, eta 27an, azken ostiraleko ohiko ekitaldia da, plazan. Azkenik, abenduaren 3an, 19:00etan, bilkura eta asanblada egingo dituzte plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide