(Uztarria.eus)
Agustin Zubikarai beka irabazi du Miren Gorrotxategi azpeitiarrak. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak eleberri bat idazteko urtebeteko beka ematen dute, eta
33 ezkil lanarekin irabazi du diru-laguntza. Eleberria
thriller bat izango da: "Fikziozko lana da, baina errealitatea du oinarri", esan du. "Aitzurrean dabil Fermin baserrian eta garezur bat topatuko du lurpean. Duela hogei urte inguru gure osabak halaxe aurkitu zuen burezur bat lursail batean: gogoratzen dut Pako Etxeberria etorri zela indusketa-lana egitera, eta gogoan tinko geratu zitzaidan gertakari hura. Hortik abiatzen da fikziozko istorio hau".
13 lanen artean aukeratu dute Gorrotxategirena honako epaileek: Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak. Azaroaren 29an jasoko du saria, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien baitan, eta 2016ko udazkenean argitaratuko dute liburua.
Gaztetxoa zela Urruzuno literatur lehiaketa irabazi zuen azpeitiarrak. Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da, eta Elgoibarko ikastolako irakaslea da.