Azpeitiko VI. Herriarteko Kros Mistoa jokatuko dute bihar, 18:30etik aurrera. Plazatik abiatuko dira korrikalariak, eta 6,7 kilometro egingo dituzte emakume eta gizonez osatutako bikoteek. Aurreko urteetan bezala, Euskal Selekzioaren aldeko aldarria izango da aurtengo krosa ere. Aurrez, 18:15ean, Asier Cuevasi oroigarri bat emango diote, Ikasberri Kirol Elkarteari beti eman izan dion laguntza eskertzeko.
Gaur da izena emateko azken eguna honako lekuetan: Azpeitiko Aitzaki Kirolak-en, Aradi-Robers Kirolak-en, Santi Lazkanon, Mugi Kirolak-en eta Azkoitiko PB Sporten. Bestalde, Internetez ere egin daiteke inskripzioa,
www.herrikrosa.eus webgunearen bitartez. Bihar, plazan jarriko dute izena emateko aukera.
Aurrez izena emanez gero, 20 euro ordaindu behar dira bikoteko; 30 euro, berriz, egunean bertan. Ludoteka zerbitzua ere jarriko dute 16:30etik 19:30era. 4 eta 8 urte bitarteko haurrak zaintzeko da zerbitzua, eta begiraleak hartu dituzte horretarako. «Haurrak ez daitezela izan proban parte ez hartzeko aitzakia», esan dute antolatzaileek. 14 urtetik gorakoek parte har dezakete aurten, baina 18 urtetik beherakoek guraso edo arduradunen baimena beharko dute parte hartzeko.
Partaide guztiei emango diete probako kamiseta bat eta mokadua, eta dendek eta tabernek emandako sariak zozkatuko dituzte. Irabazleek eta lehen azpeitiarrek, berriz, Euskal Selekzioko elkastikoak eta Kirol Patronatuaren egurrezko garaikurrak jasoko dituzte.
Antolatzaileek parte hartzera deitu dute, «ondo pasatzeko proba herrikoia» dela esanda. «Badira denbora ona egitera etortzen diren kirolariak, baina, oro har, herriko ekintza bat da», nabarmendu dute. Azpeitiarrek ez ezik, Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko korrikalariek eman dute izena proban.
Bestalde, antolatzaileek azaldu dute 18:15etik 19:45ak bitartean anbulatorio aurreko, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondoko eta Julian Elorzako autobus geltokiak lekuz aldatuko dituztela.
Iaz ez zen jokatu lasterketa mistoa, plaza berritzeko lanetan ari zirelako. Orain dela bi urte izan zen, beraz, azken saioa. 66 bikotek parte hartu zuten, eta Maider Gaztañaga eta Mitxel Cuadrado ordiziarrak izan ziren irabazleak, 23:39 denborarekin. Lehen azpeitiarrak Nerea eta Andoni Etxeberria anai-arrebak izan ziren, eta bosgarren postuan gelditu ziren.
Errezilgo I. Kros Mistoa, azaroaren 15ean
Azaroaren 15ean kros misto herrikoia egingo dute Errezilen, lehen aldiz, eta izena eman daiteke www.herrikrosa.eus atarian. Aurrez 15 euro ordaindu behar dira, eta 20 euro egunean bertan. Bikote irabazleak txapela eramango du, eta parte-hartzaile guztien artean, herriko produktuak zozkatuko dituzte. Bestalde, hamaiketakoa eta kamiseta emango dizkiete korrikalari guztiei.
14 urtetik gorakoek har dezakete parte proban, baina 18 urte baino gazteagoek gurasoen baimena behar dute, Azpeitiko krosean bezala. Goiko plazan hasiko da lasterketa, 12:00etan. Errezilgo Udalak eta Festa Batzordeak antolatu dute proba, jaien barruan.