Ardoa, oinordetza eta bizimodu

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko urr. 28a, 15:17

Itxaso Compañonek aitaren upategiarekin jarraitzea erabaki zuen gurasoak hil ostean, eta horrela egin zen nekazari gazte, Compañon Arrieta upeltegiarekin. Azpeitiarra zuen ama.

Agustin Lizarralde Azpeitiko ardo dastaketaren aitzakiarekin amaren jaioterrira itzuliko da larunbatean Itxaso Compañon Arrieta (Lantziego, Araba, 1984). Compañon Arrieta upategia dauka hark Lantziegon bertan, aitarengandik oinordetzan hartua, eta beraien ardoa sortu eta etiketatzen dute. Compañonek, edozein gaztek bezala, etxetik kanpo ikasi zuen, Andoainen eta Bartzelonan egin zituen soinu eta irudi ikasketak, lehendabizi; eta postprodukziokoak, ondoren. Hala ere, oso gazte zela aldatu zitzaion bizitza Compañoni. Lurdes Arrieta ama istripuz hil zitzaion: «Gure ama irakaslea zen, Lantziegoko ikastolako sortzaileetakoa, eta auto istripuz hil zen beste bi irakaslerekin batera». Azpeitiarra zen Arrieta, eta Arabako udalerri hartako lehen irakaslea izan zen. Amaren ondoren, aita hil zitzaien Compañon anai-arrebei. Felix Compañon minbiziarekin zendu zen. Une hartan erabaki zuen alabak aitarena zen upategiari eustea, eta proba egitea. «Ez nintzen halabeharrez hasi, probatzea nahi nuelako baizik», azaldu du Compañonek. Mahasti eta upategia saltzeko aukera izan zuela azaldu du hark, baina saiakera egin nahi izan zuen, eta «gustatu» egin zitzaion ardoaren mundua.

Dena berria

Hastapen haietan ikasi zuen guztia etxeko alabak. «Beti mantendu izan nuen distantzia bat aitaren lanarekiko. Beraz, hasi berria nintzen ni, eta dena ikasi behar izan nuen kolpean». Ofizioa ikasten ibili zen hasieran, eta anaia gazteak ere lagundu zion. Probatu, eta gustatu egin zitzaion familiako ogibidea, eta bertan jarraitzen du beharrean. Bera da upategiko arduraduna, eta mutil lagunak eta anaiak laguntzen diote. «50.000 botila egiten ditugu urtean, eta gure uzta ekologikoa da. Upeltegi baten jabe izan arren, ez gara enpresariak, nekazariak baizik», azaldu du ardogileak. Urteko ardo beltz eta zuria egiten dituzte, baita ardo berezia ere. Sulfito gabeko edaria egiten ere hasi dira orain. Etxean egiten dute guzti-guztia, mahatsa ereitetik botilak etiketatzeraino. «Goizetik hasi eta gaua bitartean, beti izaten dugu zer egina hemen. Jendeak uste du upategietako jendea lasai bizi dela, baina hori ez da gu bezalako laborari txikien errealitatea», azaldu du. Hala ere, berak kontzientziaz aukeratutako bidea da Compañon Arrieta utapegian lan egitea, eta horri jarraituko dio.

Larunbatean, Azpeitian

«Berezia» izango da larunbatean Azpeitira etortzea ardogilearentzat. Amaren jaioterria eta bertako jendea izango ditu parez pare. «Ondo zaindutako» ardoa eskainiko dute Azpeitiko plazan: «Enpresa handiek eginiko ardoak ez du zerikusirik guk ekoizten dugunarekin, beste zainketa bat du honek, eta hori nabaritu egiten da». Arabako Errioxako ardoa bezala ikusten dituzte Lantziego inguruko ardoak, eta Compañonek argi du «aterki zabala» dagoela aukeran eremu horietan: «Arabako Errioxa deitzen diete makina bat ardori, baina Araba eta Errioxa eta bertako uztak oso izan daitezke desberdinak». Compañonek ez du esan nahi izan nolakoa den beraien ardoa, horretarako beharrezkoa delako hura probatzea: «Aurreiritziak izaten ditugu ardoekin, eta guztiak berdinak balira bezala konparatzen hasten gara, hori burutik kendu behar dugu». Beraz, zera da haren proposamena, ardoa dastatzea eta orduan ematea iritziren bat, aurrez aukeraketa egin gabe. Upategi txikien xarma eta lana nabarmendu ditu Compañonek. «Baserriko ogia edo letxugak jartzen ditugu balioan, baina ez nekazari txikien ardoak», esan du. Aukeran izango dira Azpeitian 26 ardo mota, batekoak zein bestekoak.
X. Libre Ardo Dastaketa Larunbatean ospatuko dute X. Libre Ardo Dastaketa Azpeitian. Harekin batera, Euskal Herriko III. Txorizo Egosi Lehiaketa ere izango da plazan. Bost euroren trukean kopa eta bost ardo izango dituzte, eta pintxoak ere egongo dira 11:30etik 14:30era. Berrikuntza gisa, aurtengoan postu bat jarriko dute txorizoa egiten azaltzeko. Bost gazta postu ere egingo dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide