Iban Izagirre eta Iñigo Borda azpeitiarrek margotu dituzte parkeko irudiak (Ana Abarisketa)
Abuztuan kendu zituzten dinosauroak Loiolatik, hamarkada luzez Ingurugiro Etxea museoaren ondoko haur parkea apaindu ostean. Dinosauroak hondatuta zeuden, eta haietan jolasean ibiltzea, berriz, debekatuta. Izan ere, 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten Azpeitian Umeen Museoa, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren hitzarmen bati esker.
Orain, proiektu berri bat martxan da, eta Xaguxatar izena hartu duen parkea osatzen ari dira, Izarraitz mendilerroko saguzarra irudi bezala hartuta. Parkeak 1.800 metro koadroko azalera du, eta aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzeko sortutako proiektua da. Parkeak honako guneak ditu: Saguzarren horma, enbor bertikalen baratzea, labirintoa, intsektuen hotela eta egongune alternatiboa.
Dagoeneko hasi da parkea itxura hartzen. Lanak udaberrian bukatzea aurreikusten dute, baina, hala ere, laster egongo da erabilgarri. Enbor bertikalak ezarri dituzte, eta saguzarren horma –telefonoen jokoa ardatz hartzen duena– ipinita dago. Lur Paisajistak dago proiektuaren atzean. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila jarri zen harremanetan Arazi ingurugiro enpresarekin, eta horiek Iñigo Segurolaren taldeari eskatu zioten proiektua diseinatzeko.
Segurolak HITZAri azaldu dio egitasmo honen helburua saguzarrari omenaldia egitea dela. Proiektuari forma ematerakoan jabetu ziren saguzar espezie dezente daudela Izarraitz inguruan. «Saguzarra ez da asko ikusten, beraz, umeentzako jokoak sortzerakoan ozentasunarekin jokatzea erabaki genuen». Kimu Bat lorezaintza taldea ari da proiektuan parte hartzen, Segurolarekin elkarlanean.
Saguzarrei bizia ematen
Saguzarraren horma pintatzen Iban Izagirre eta Iñigo Borda azpeitiarrak aritu dira. Kimu Bat jarri zen harremanetan Izagirrerekin eta, hala, bi gazteak hasi ziren pasa den astean hormako saguzarrei kolorea eta forma ematen. Gustura jardun dute parkeko animaliak pizten eta bizia ematen. Bisitari eta ibiltari andanen arreta piztu dute, askok galdetu baitie parke berriaz. Espraiekin sortu dute artelana, gero, pinturarekin azken ukituak emateko, bi teknikak menperatzen dituzte-eta. Hormak, muralak eta ilustrazioak lantzen dituzte, besteak beste, eta lanak enkarguz egiten dituzte.
Joan den martxoan Azpeitiko Udalak jakinarazi zuenez, udalaren esku egongo da datozen hiru urteotan Ingurugiro Etxea Museoaren kudeaketa, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmen bati esker. Horretarako, urtero Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Azpeitiko Udalari; denera, 360.000 euro jasoko ditu.