Euskal Herriko III. Txorizo Egosi Lehiaketa eta X. Libre Ardo Dastaketa Eguna izango dira Azpeitian, hilaren 31n

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 23a

29 harategik eta 21 upategik izena eman dute oraingoz. Berritasun gisa, plazan gune bat jarriko dute txorizoa nola egiten den ikusteko.

(E. Albizu Lizaso) Euskal Herriko III. Txorizo Egosi Lehiaketa eta X. Libre Ardo Dastaketa Eguna izango dira hilaren 31n, Azpeitiko plazan. Dagoeneko 29 harategik eta 21 upategik izena eman dute, eta irekita dago epea oraindik. 11:30etik 14:30era izango dira ekitaldiak plazan, eta herritarrek aukera izango dute bost euroren truke kopa eta bost ardo edateko txartela eskuratzeko. Pintxoak gaixo eta helbarrien taldeak prestatuko ditu; eta aurten, lehen aldiz, patata egosia ere eskainiko dute txorizoarekin. Edanaz eta pintxoez gain, bost gazta postu jarriko dituzte. Txorizo Egosi Lehiaketan bost epaile izango dira: Arantza Arregi, Alberto Busca Isusi, Beatriz Larrañaga, Geronimo Muñoz eta Mikel Uria. Zaporea, txorizoaren itxura, loturak eta forma kontuan izango dituzte puntuak ematerakoan. Lehen hiru sailkatuak sarituko dituzte. Aurtendik aurrera, Mikel Sanjuanek landutako garaikurra emango diete irabazleei. Lehenari, garaikurra eta txapela; bigarrenari, garaikurra eta hirugarrenari, bi lagunentzat afaria Sanagustinen. Berritasun bat izango da aurten: "Txorizoak hasieratik bukaerara nola prestatzen diren erakutsiko dugu; izan ere, ateen barrutik egiten den lana da hori, eta gazte askok ez dute jakingo nola egiten diren", azaldu du Valentin Odriozola harakinak. Odriozola Ardotegiko ordezkariek esan dute "lehiaketa bat baino gehiago" izan ohi dela Azpeitiko ardo dastaketa. "Jendeari aukera emango diogu ardo probatzeko, plaza ona bihurtu da Azpeitia", azaldu du. Mikel Uria epaileak ere nabarmendu du urtetik urtera garrantzia hartzen ari dela dastaketa: "Erreferente izateko bidean da".

Librerentzat ikusgarritasuna

Libre taldeak bere lekua izan du azken urteetan ardo dastaketan, eta eskerrak eman dute udalak eman dion "presentziagatik". Denok dakigu zer egoeratan dagoen Orkatz, eta gustura parte hartuko dugu lanean ikusgarritasuna izateko", adierazi du Imanol Amenabar Libre lantaldeko kideak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide