'Txantxalgara' eta hezkuntza

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 23a

Bihar aurkeztuko dute Azpeitiko pailazo gazteek 'Mitologiaz ahaztu al gara' obra, 16:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Umorea eta mitologia uztartu dituzte.

Bihar, larunbata, aurkeztuko dute Azpeitiko pailazo gazteek 'Mitologiaz ahaztu al gara' obra, 16:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Umorea eta mitologia uztartu dituzte.

Txantxalgara pailazo taldea duela hiru urte hasi zen martxan, Iraurgi ikastetxeko jaialdi batean. Ordutik herriz herri ibili dira bost azpeitiar gazteak: Xanti Agirrezabala, Ignacio Arakistain, Ignacio Azkue, Eñaut Ibarguren eta Mireia Galartza. Beste pailazo talde batzuen emanaldi klasikoak erabili dituzte orain artean ikuskizunetarako, eta 20 saiotik gora egin dituzte han eta hemen. «Azpeitian antzeztu ostean, Aizarnatik [Zestoa] deitu ziguten, eta handik aurrera sumatu genuen, nahi gabe, leku guztietatik hots egiten zigutela. Lana egiteko dinamikan sartu ginen horrela», esan du Ekain Ibarguren taldeko kideak. Beraiek sortutako obra aurkeztuko dute bihar, 16:30etik aurrera, Azpeitian: Mitologiaz ahaztu al gara?. Sanagustin kulturgunean da hitzordua. «Elduainen [Gipuzkoa] estreinatu genuen, eta oso harrera ona izan du. Hala ere, guretzat estreinaldia bezala izango da biharkoa, berezia baita lana etxean aurkeztea», azaldu du Mireia Galartza pailazo taldeko ordezkariak. Mitologiaren balioaz «Ikusi genuen arrakasta handia izan genuela beste pailazo batzuen antzeko lanak eginda, eta geurea sortzera animatu ginen», esan du Galartzak. Pailazo taldeak badaki herritarrek «baloratu» egingo dutela beraiek eginiko lana. «Gure saioen helburua guztiz aldatu da, oraingo hau, ondo pasatzeaz haratago, hezkuntzarekin lotuta dago», azaldu du Ibargurenek. Mitologiako ipuinak eta pertsonaiak irudikatuko dituzte txotxongiloekin eta antzerkiekin. Ipun mitologikoak hartu dituzte, eta beraiek sortu dituzte gidoiak, Tartalo, Mari, Galtxagorri eta Akerbeltz bezalako protagonistekin. Antzerkia, kantua eta dantza nahastuko dituzte Mitologiaz ahaztu al gara? obran. Horretarako, abesti herrikoiak erabiliko dituzte, «haur eta helduak gustura senti daitezen». Mendian galduta Galdu egingo dira mendian pailazo taldeko kideak, eta zenbait pertsonaia aurkituko dituzte han. Hasieran ez dituzte ezagutzen izaki horiek, baina apurka-apurka lagun egingo dituzte, ordubete inguruko saioan. Pertsonaia famatuenak aukeratu dituzte umeei aurkezteko. «Gustatuko litzaiguke obra ikusi ondoren herritarrek zera pentsatzea: ikasi dut zerbait», azaldu du Ibargurenek. Duela urtebete hasi ziren gidoia idazten, eta udaran egin dute lan gehiena. «Txotxongiloak geuk egin ditugu, eta entseguak ere gogorrak izan dira, beraz, uda osoa pasatu dugu hau lantzen», esan dute. Olatz Aguadori ere eskerrak eman dizkiote, dekorazioan eman dieten laguntzarengatik. Herritarrak animatu nahi dituzte biharko saioa ikustera joatera: «Herritik eta herriarentzat sortutako taldea gara, eta aurrera egiteko asko lagunduko digu bihar ikusleak izateak», adierazi dute. Pailazoen arabera, lanean jarraituko dute gauzak ondo doazen bitartean, «gerra ematen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide