Mikel Azkune: "Euskararen alde lan egiteagatik atxilotu gintuzten"

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko urr. 23a, 08:20

Azkune ‘Egunkaria auziko’ bigarren sarekadan atxilotu zuten, orain dela hamabi urte. Aranzadik biktimei buruz egindako txostenean ageri den izenetako bat da berea.

(A. Belaunzaran) Mikel Azkune (Azpeitia, 1967) Egunkaria-ko bigarren sarekadan atxilo hartu eta inputatu zuten, Eneko Etxeberria Egunkaria-ren enpresako abokatu eta gaur egungo Azpeitiko alkatearekin batera. Administratzaile kargua zuen Azkunek. Aranzadik eta Azpeitiko Udalak 1960 eta 2014 bitarteko Azpeitiko sufrimenduaren mapa osatu du aurten, eta 97 biktima zenbatu dituzte. Tartean da Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren kasua. Pasa den ostiralean, urriak 16, bete ziren hamabi urte Azkune atxilotu zutela, beste zazpi kiderekin batera. Etxeberria, berriz, hilaren 20an atxilotu zuten. Joan den urtean, urriaren 14an, preskribatutzat jo zuten Egunkaria-ko auzi ekonomikoa. Hamabi urte igaro dira urriaren 15 hartatik. Besteak beste, Eneko Etxeberria eta biok atxilotu zintuzten. Nola oroitzen duzu guztia? Urteak pasatzen dira, baina gauza hauek ez dira ahazten. Nire bizitzako une gogorrenak izan ziren. Hala ere, denborak laguntzen dizu esperientzia hauek arintzen. Asteazken gau batean atxilotu ninduten. 01:30ak inguruan sartu ziren guardia zibilak etxera, Errenterian [Gipuzkoa]. ETAko kide bezala atxilotu ninduten: ba al dakizu zer den hori familiarentzat, zuretzat? Urtebeteko eta 2 urteko umeak nituen. Zorionez, oso txikiak ziren gertatutakoaz kontziente izateko. Bost egun igaro nituen atxilotuta, eta gogoan dut euforiko irten nintzela handik. Izan ere, neure burua kartzelan ikusten nuen. Atxilotu ostean, inkomunikatuta izan zintuzten bost egunez. Atxilotu gintuztenean, aurrekari bat genuen: Egunkaria-ko lehen sarekada. Horrek benetan beldurtzen ninduen. Martxelo Otamendi, Juan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi tratatu zituzten bezala tratatu eta gero, zer egingo ote zidaten niri, izenik ez zuen gazte bati? Kalabozo banatan egon ginen, eta hiru galdeketa egin zizkidaten. Denboraren nozioa guztiz galdu nuen, ez nekien eguna edo gaua zen, noiz egin behar nuen lo edo noiz iratzartu. Han pasatutako bost egunetan indarrik gabe, nekatuta eta urduri egon nintzen, uneoro. Baina nik ez nuen torturarik pairatu. Zer egozten zizuten galdeketetan? Atxiloketaren arrazoiak ez zuen inongo logikarik eta justifikaziorik. Sare komertzialeko arduraduna nintzen Ardatz komunikazio taldean, Egunkaria-ren barruan. Administratzaile hautatu ninduten, epe baterako. Hala ere, ni komertzioaz arduratzen nintzen, beraz, ez nuen informazio gehiegi diru mugimenduez. BEZaren inguruan galdetu zidaten, batetik; eta nor ezagutzen nuen eta nor ez jakin nahi zuten, bestetik. Nik garbi esan nien nola aukeratu ninduten administratzaile, eta zein zen nik nuen informazioa. Galdera askoren erantzunik ez nuen. Agian, pentsatuko zuten ez niela ezer kontatu nahi, eta gezurretan ari nintzela: horrek sortzen zidan beldurra. Nola bukatu zen hori? Azken galdeketa hirugarren egunean izan zen. Oso motza izan zen, eta esan zidaten bazekitela ez nekiela ezer. Beraz, abokatuarena joateko agindu zidaten, deklaratzera. Azken bi egunetan ez zidaten gehiago kasurik egin. Astelehen eguerdian Audientzia Nazionalera eraman gintuzten. 12.000 euroko bermea ordaindu behar izan zenuen. Uneren batean argitu al dizue zergatik ordaindu behar zenuen? Ez, eta galdetu ere ez dugu egin inoiz. Gogoratzen naiz nire ingurukoak zoro moduan ibili zirela dirua lortzeko. Azken egunean esan ziguten zein zen bermea, eta koinatua eta lagun bat Madrilen bueltaka ibili ziren. Momentu horretan, ordea, diruak ez du baliorik, kosta ahala kosta hortik irtetea da helburua. Egunkaria oso ondo portatu da gurekin; izan ere, ondoren, dirua bueltatu eta lagundu egin zigun. Pasa den urtean itxi zuten Egunkariako auzi ekonomikoa, baina aitortzarik gabe. Bai, hala da. Baina guk herriaren aitortza dugu, behintzat; eta niretzat hori da garrantzitsuena. Egunkaria-ren kontu hau guztia gertatu zenean, herriak sekulako erreakzioa izan zuen, ez dut inoiz halakorik ezagutu. Eskerrak eman nahi dizkiet beste behin herritarrei, abokatuei, Azpeitiari... egin zuten guztiagatik, indarrarengatik. Guztia eman zuten proiektu berriaren alde, ezin da hitzez azaldu. Arlo eta sentsibilitate desberdinetako pertsonek babestu gintuzten. Nire gurasoek esan zidaten ordungo alkateak, Julian Eizmendik [EAJ], idatzi bat igorri ziela, laguntza eskainiz, eta beraientzat ere esanahi handiko keinua izan zen. Noiz arte eragin dizu auzi ekonomikoak? 2008an kanpoan utzi ninduten. Baina bost urtez joan behar izan nuen hamabost egunean behin epailearengana, sinatzera. Horrek bizitza baldintzatzen dizu. Esate baterako, urtero izaten nuen Frantziako Tourra ikustera joateko ilusioa, eta lehen urtean ez zidaten utzi joaten. Kontu guztiak ere blokeatuta izan genituen. Egoera xelebre batean bizi nintzen. Libratu egin nintzen bost urtera, baina batzuk hamabi urte igaro dituzte horrela; ez libre, ez atxilo. Egunkaria auziaren lehen sarekada ere oso gertutik biziko zenuten. Bai. Oso gogoan dut hura gertatu eta bi egunetara hartu ninduela Eneko Etxeberriak, eta bueltaxka bat ematera joan ginen. Hark azaldu zidan gertatu zen guztia, eta esan zidan gauzak aurrera egingo balu, bera eta ni arriskuan ginela. Mundua erori zitzaidan orduan. Egun horretan ez nintzen etxera joan lo egitera, izututa nengoen. Nire emazteari kontatu nionean, hark hauxe esan zidan: «Gertatzen dena gertatzen dela, euskararen alde lan egiteagatik atxilotuko zaituzte». Esaldi horrek markatu izan nau beti. Kalabozotik irtetean hori nuen buruan, euskararen alde lan egin genuelako atxilotu gintuzten. Errugabeak zineten. Estrategia kontua izan zen euskarazko egunkari bakarra ixtea? Ez dago inongo zalantzarik. Bultzada politiko garbia izan zuen horrek. Entzun besterik ez daude garai eta testuinguru hartako politikarien adierazpenak. Baltasar Garzon epaileak esan zuen ez zuela kasuarekin lan egin nahi, ez zuelako ezer ikusten, eta beste epaile bati eman zion. Ezer jakin gabe denak atxilotu eta dena itxi zuten, ikertzeko bakarrik. Euskara, euskalgintza eta euskaldun guztienganako bortxaketa izan zen. Oraindik inpotentzia sentitzen dut. Euskarazko egunkari bakarra itxi ziguten, eta langile asko gelditu ziren kalean. Gure etxean, emaztea eta biok gelditu ginen bi umerekin lanik gabe. Biktimak zarete Egunkaria auzian epaitutakoak. Berdin mailakatzen al dira biktima guztiak? Ez, guztiek ez dute indar bera gizartean. Horren harira, Egunkaria itxi zutenean, oihartzun handia izan zuen kasuak, eta uste dut orduan ikusi zuela jendeak Espainian benetan torturatu egiten zela. Otamendiren deklarazioen ondoren, inflexio puntu bat egon zen, eta lortu genuen iritzi publikoan eragitea. Torrealdairen kasua hor dago. Betirako orbana. Torrealdaik bost urte inguru behar izan zituen onartzeko torturatu egin zutela, barruan eraman zuen korapiloa. Minbizia du orain, eta berak eta medikuak onartzen dute torturengatik dela. Horrenbeste urteko sufrimendua, egoera hori ezin da azaldu. Lau urte igaro dira ETAk su-etena adierazi zuenetik. Gauzak espero zen abiadan ari al dira aldatzen? Prozesua oso motel doala uste dut. Oraindik pertsona asko daude kartzelan, zain. Otegi bera, esate baterako. Duela lau urte pentsatu genuen hau azkarrago joango zela, eta denok ere nahikoa lokartuta gaude. Urtean hitzordu eta manifestazio jakin batzuetara joaten gara, baina ez da nahikoa. Ez dakigu nola antolatu, gure eskubideak aldarrikatzeko eta legeak agintzen dituen gutxieneko horiek eskatzeko: gaixo dauden presoak, dispertsioa eta abar. Inor-inoren partetik pausorik ez dut ikusten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide