Euskal obren topaketak

Ana Abarisketa - Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 23a

Atzo aurkeztu zituzten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak. (E.Albizu Lizaso) Euskal Antzerki Topaketen sasoia iritsi da Azpeitira, eta urtero legez, herritarrek hilabetez hitzordua izango dute euskarazko antzerkigintzarekin. 33.urtez aurkeztu dute, eta Josu Labaka Kultura batzordeburuak topaketen "erreferentzialtasuna" izan du hizpide: "Azpeitiko topaketak erreferente dira euskarazko antzerkigintzan. Herri euskalduna da Azpeitia, eta esparru honetan ere ekarpena egitea tokatzen zaigu". Labakak "erabaki kontziente" gisa definitu du euskarazko antzerkigintza sustatzea, eta konpromiso horri eutsiko diotela jakinarazi du. Elkarlana ere aipatu du Kultura batzordeburuak, eta eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartu duten guztiei: Gaztetxeari, ikastetxeei, emakumeen tailerrari, EHAZEri eta abarri. Bihar bertan hasiko dira topaketak, eta azaroaren 21era bitartean, antzerkia izango da Azpeitiko izarra. Haur zein helduentzat prestatu dute eskaintza, eta estreinaldiak ere badira kartelean: Eskutitzak lana, Izar Films eta Itzel Antzerkiak egina, eta Magia lapurra, Txalo Antzerki Taldeak prestatua. Bestalde, opera komiko bat ere eskaini du Bergarako talde batek, azaroaren 21ean: Mozkorra parregarri. Bizilagunei begira, Zestoako Interpretazio Eskolako Eromen Produkzioak taldeak Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula lana aurkeztuko du urriaren 30ean. Euskarara itzulia izan den Valle-Inclanen lehen obra da hori, eta Zestoako taldeak berak egin ditu itzulpenak eta moldaketa, Amancay Gaztañaga zuzendariaren hitzetan. "Amateur mailan antzeztetik, salto txiki bat eginda gatoz", azaldu du Gaztañagak.

Asteburuan hasita

Bihar bertan hasiko dira lehen ekitaldiak, eta haien artean nabarmentzekoa da Antzerkizale Gala berria. "Sorpresaz beteriko festa" izango dela esan du Eñaut Gantxegi EHAZEko kideak, eta Pedro Otaegi omenduko dute, bere ibilbideagatik. Irekia da gala, eta doakoa. Horrez gain, Oholtzaberri proiektua aurkeztuko dute goizean, eta herriko pailazoek obra berria eskainiko dute arratsaldez: Mitologiaz ahaztu al gara?.

Egitaraua

Bihar, urriak 24, Antzerkizale Eguna 12:00. Oholtzaberri proiektuaren aurkezpena, Sanagustinen. 16:30. Mitologiaz ahaztu al gara? antzezlana, Txantxalgara taldearekin. Sanagustinen. 21:00. Antzerkizale Gala, Soreasun. Urriak 30, ostirala 21:30. Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula antzezlana. Eromen Produkzioak, Zestoako Interpretazio Eskola. Soreasun. Urriak 31, larunbata 21:30. Itsasoari negar lana. Ze Onda taldea. Soreasu antzokian. Azaroak 1, igandea. Antzerki Eskolen III. Eguna. EHAZEk antolatuta, Metrokuadroka-rekin ekitaldia kalean. Gero, ogitartekoak. 18:00. Quixote lana, Markeliñe taldearekin. Soreasu antzokian. Azaroak 2-15 Erakusketa. Corrado Masacciren Igelen itxuraldaketa eta azken kreazioak erakusketa, Be-tharram aretoan. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara. Azaroak 5, osteguna 21:00. Zu gabe antzezlana, Atea Teatroaren eskutik. Udaletxeko ganbaran. Azaroak 6, ostirala 21:30. Etxekoak antzerki lana, Huts Teatroa eta Artedramaren eskutik. Soreasun. Azaroak 7, larunbata 21:30. Eskutitzak antzezlana, Izar Films eta Itzel Antzerkiaren eskutik. Soreasu antzokian. Estreinaldia. Azaroak 8, igandea 18:00. Moby Dick lana, Gorakada Teatroaren eskutik. Soreasu antzokian. Azaroak 9-12 11:00-12:00. Eskola antzerkia, Soreasu antzokian. Azaroak 13, ostirala 21:30. Jokoz kanpo lana, Borobil Teatroaren eskutik. Soreasun. Azaroak 14, larunbata 21:30. Punto ta punto lana, Azpeitiko Emakumeen Tailerrekoekin. Soreasu antzokian. Azaroak 15, igandea 18:00. Magia lapurra, Txalo antzerki taldearen eskutik. Soreasu antzokian. Estreinaldia da. Azaroak 19, osteguna 21:30. Zer duzu Amy, Oh May God! elkarte artistikoaren eskutik. Gaztetxean. Azaroak 20, ostirala 21:30. Amodioaren ziega antzezlana. Lauka Teatroa. Gaztetxean. Aurrez, 20:00etatik 21:15era jantoki begetarianoa. Azaroak 21, larunbata 21:30. Mozkorra parregarri antzezlana, Xabier Maria Munibe Peñafloridako Kondearen opera komikoa. Soreasun.
Itziar Elias, Soreasun. (Ana Abarisketa)

Itziar Elias Eskutitzak obraren sortzailea: "Prozesu bat izan da aurreko belaunaldien pentsaera ulertzea"

Zertaz doa Eskutitzak lana? Nire aiton-amonek elkarri idatzitako gutunetan oinarritzen da Eskutitzak. Gutun hauek nire senideek aurkitu zituzten duela hamarkada bat. Aitona hil eta gero, bere gauzak jasotzen ari zirela narruzko karpeta bat topatu zuten. Barruan agertu ziren gutunetan oinarritzen da Eskutitzak. Izan ere, halaxe jakin genuen ordura arte ezkutuan mantendu zuten istorioa. Zer ezkutatzen zuten eskutitzok? Amona Azkoitiko familia aberats batean jaiotakoa zen, frankistak ziren. Aitona, berriz, Azpeitiko familia xume batekoa zen, gorria, gudaria. Aitonaren aita Loiolako gudarien batailoian izena emandakoa zen. Gutunetan ikusten da ezagutu ziren lehen momentutik maitemindu zirela eta, aldi berean, zailtasun handiak izan zituztela elkarrekin egoteko. Beraz, Azkoitia eta Azpeitia arteko Romeo eta Julietaren istorioaren aurrean gaude. Hori da abiapuntua. Aitona postaria zen, beraz, eskutitz bidez hasi zuten isileko maitasun istorioa. Gero, eskutitzak idazteari utzi beharko diote, familiak konturatzeko arriskua dagoelako. Gutunetan agertzen da maitaleei laguntzen dien izeko bat eta nola Azkoitia-Azpeitia artean lanean dabilen ogi saltzailearen bitartez jarraitzen duten gurutzatzen eskutitzak. 1936ko testuinguruan kokatzen da istorioa. Eskuartean dugun aurreneko eskutitza uztailekoa da, badirudi orduan ezagutu zutela elkar. Gutunez gutun ikusten dugu zer nolako zailtasunak dituzten maitasun istorioa aurrera eramateko, eta, gero, bat-batean, guda lehertzen da. Zer ikusiko dugu ohontza gainean? Antzezlanaren abiapuntua erreala da, baina gidoitik ere asko du. Istorio honek askorako ematen zuen, eta dokumentazio lan handia egin dugu. Nire etxeko istoriotik abiatzen bagara ere, beste etxeetako kontakizun asko jaso ditut. Izaskun Arandia eta biok aritu gara gidoia lantzen, eta Ahotsak.com-eko aiton-amonen istorioak jaso ditugu, besteak beste. Saiatu gara bailarako istorio guztiak entzuten. Orduko eta gaurko gizarteen artean zer nolako desberdintasunak sumatu dituzue? 80 urte pasatu dira, eta garaiak asko aldatu dira, batez ere harremanei dagokionez. Talka handia dago gaur egungo harremanen eta ordukoen artean. Orduan gizartea mailakatuagoa zegoen. Orain maitasun istorioak askeagoak direla uste dut, eta maila sozialek ez dutela hainbesteko talkarik sortzen. Zein etxetakoa zaren ez da hain garrantzitsua. Zentzu horretan, prozesu bat izan da guretzat lehengoen pentsamendua ulertzea. Aiton-amonen istorioa oholtzara eramateko prozesuan, etxekoen babesa izan al duzu? Hasiera-hasieratik sentitu nuen istorioa kontatzeko beharra, baina ez zatekeen sekula posible izango aitaren babesik gabe. Lehenik eta behin, berari eskatu nion baimena, eta nigan sinistu zuen. Hala ere, hau antzerkia da, eta asko du fikziotik. Izen-abizenak aldatuta daude, eta gertakizunak guztiz moldatu ditugu. Zer nolako prozesua izan du Eskutitzak antzezlanak? Duela hiru urte hasi ginen gidoia lantzen. Hasieran, istorioaren handitasuna ikusita, zinemara bideratu genuen. Orduan egin nuen topo Izaskun Arandiarekin. Istorioak segituan harrapatu zuen. Testua berridatzi genuen, eta Jaurlaritzak zinema sustatzeko duen proiektuaren deialdira aurkeztu ginen. Bigarren postua lortu genuen. Antzerkitik natorrenez, gidoa aldatu eta antzerkira moldatu genuen. Mugalariak ekimena ere irabazi genuen, eta laguntza mordoa jaso dugu. Ate dezente zabaldu zaizkigu, egia esan. Eskutitzak zineman ikusteko betarik izango al dugu etorkizunean? Oso zaila da hori. Baina egia da antzezlanean ez dugula zinemaren ikutu hori galtzerik nahi izan eta antzeriarekin uztartu dugu. Nortzuk osatzen duzue obra? Sei aktore gaude guztira: Aitor Fernandino, Iosu Florentino, Josean Bengotxea, Olatz Beobide, Aiora Sedano eta neu. Izaskun Arandia da zuzendaria. Nire amonaren, Emiliaren ikuspegitik kontatuko da narrazioa. Hala ere, badira Emiliak bizi ez dituen gertaerak, eta pantailan proiektatuko ditugu. Gogoeta horretan parte hartuko dute Klara Badiola, Iñaki Beraetxe eta Lander Otaola aktoreek. Emiliaren ingurukoei eta senarrari gertatzen zaizkien pasarteak egongo dira hor, Emiliarengan eragin zuzena dutenak. Zinema oso presente dago antzezlanean. Azpeitiko topaketez haratago, jarraipenik izango al du Eskutitzak lanak? Azpeitiko topaketen ostean Villabonan izango gara azaroaren 27an. Gero, Durangoko Azokan izango gara, abenduaren 7an. Urtea bukatu aurretik Donostiako Mugaritzen aurkeztuko dugu lana, abenduaren 13an eta 14an. Gure asmoa da datorren urtean obra antzezten jarraitzea. Antzerki zaletasuna osasuntsu ikusten al duzu? Azpeitian oso bizi dago antzerki zaletasuna, eta uste dut herri antzerkiari esker lortu dela hori. Neu ere herri antzerkitik nator, eta herri mailan antzeztu izan dut beti. Asko eman dit, gainera. Eta Azkoitian? Desberdina da. Azkoitiarrok Azpeitira etorri izan gara, oraintsu arte behintzat. Zorionez, bi antzerki talde daude orain: Koldarrak eta Biboterik Gabea. Eskoletan ere oso presente egon da antzerkia beti. Floreaga Ikastetxean ikasi nuen nik. Bazen orduan Patxi izeneko salestar bat, eta hark bideratu ninduen antzerkira. Zorte handia izan nuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide