Erromeria berezia antolatu dute Aristerrazun iganderako

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko urr. 21a, 11:02

Iganderako erromeria berezia antolatu dute Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plazan. Joxemari Iriondok Aristerrazu Mandioko Azken Erromeria liburua aurkeztuko du bertan, eta hori aprobetxatu, egun osoko festa antolatu du Andatza Erromeria Elkarteak. Liburua aurkezteaz gainera, herri bazkaria eta erromeria ere egingo dute. Erromeria berezia izango da, Aristerrazuko oholtza gainera igo izan diren hainbat tritilarik parte hartuko baitute bertan. Frontoian egingo duten herri bazkarian parte hartu nahi dutenek txartelak aurretik erosi behar dituzte, Aristerrazu Jatetxean. Horretarako azken eguna bihar da, eta jatetxera bertaratu ezin dutenek 943-83 45 21 telefono zenbakira ere deitu dezakete erreserba egiteko. Erromeria giroa bizirik Aristerrazuko erromeriak 1936ko gerra onderenetik dihardu bizirik, eta garaiak aldatu badira ere, trikiti eta pandero hotsa igandero entzuten da oraindik urritik ekainera bitartera. Maria Luisa Azkue Aristerrazu baserriko alabak gogoan du garai zaharretako giroa: «Inguruko baserri, auzo eta herrietako gazteak Aristerrazun biltzen ziren igande arratsaldeetan. Goateke handi baten antzekoa izaten zen». Hasiera hartan mandioan egiten zen erromeria, eta gerora hasi ziren baserri aurrean egiten. Azkuek azaldu duenez, «gazteak ondo pasatzera joaten ziren bertara». Egun eskualdeko herritarrak ez ezik Gipuzkoa eta Bizkaia osotik joaten da jendea dantzara. «Euskal Herrian ez da geratzen Aristerrazu bezalako erromeriarik, eta giro hori atsegin duenak bertan biltzen dira igandero».

Izer eta Alabier

Josu Arrizabalaga Izer: "Trikiti erromeria bizirik mantentzen duen toki bakarra da hau"

- Trikitilarientzat plaza berezia da Aristerrazu, ezta? Noski, gogoan dut lehenengo aldiz Aristerrazun jotzea ohore handia izan zela niretzat. Izan ere, oraindik trikiti erromeria bizi-bizirik mantentzen duen leku bakarra da Aristerrazu. - Garrantzitsua al da erromeriak berreskuratzea? Gure ondarea da, eta ezinbestekoa da zaintzea. Askotan pena ematen dit, badirudi poliki-poliki desagertzen joango dela. Horri aurre egiten saiatzen gara, baina kontuan izan behar dugu gizartea aldatu egin dela. Lehen ez zuten musika entzuteko aukerarik etxean eta, soinua asko gustatzen zitzaienez, hori entzutera erromerietara joaten ziren. Gaur egun, ezin dugu espero garai haietako erromeria jendetsuak biziko ditugunik berriz.

Egitaraua

- Urriak 25, igandea 13:00. Aristerrazu Mandioko Azken Erromeria liburuaren aurkezpena, Joxemari Iriondoren eskutik. 14:00. Bazkari herrikoia frontoian. 17:30. Erromeria berezia. Parte-hartzaileak: - Epelde eta Lutxurdio - Etxaniz eta Ainara - Kristina eta Xabi Solano eta Jon Beasain - Agurtzane eta Ion Elustondo - Maixa, Irati Gutierrez eta Izer

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide