Paradisu Zinemako zenbait kide, Soreasun (E. Albizu Lizaso)
Paradisu Zinema jarri diote izena Azpeitian sortu berri duten zine klubari. Izen bereko film italiarra maite dute klubeko kideek, eta bere lekua du Soreasu antzokian ere. Izan ere, pelikulako haurra, zeina zinemaren munduarekin liluratuta baitago, agertzen da antzokiko beiratean. «Soreasun egoten zen Txapela-ren film kuttunenetakoa zen, eta harekin ere pentsatu dugu», azaldu du Kepa Urbieta Paradisu Zinemako ordezkariak.
«Jende berria» hasi da lanean proiektuarekin, «indar berriekin». Logoa sortu dute, eta webgune bat jarriko dute abian bihar: paradisuzinema.com. Azarora bitarteko programazioa lotuta dute, eta urriaren 29an izango da lehen emanaldia: Los Exiliados Romanticos (Erbesteratu erromantikoak). «Azpeitian indarra izan du beti zine klubak, eta uste dugu lortuko dugula hastapen haietara gerturatzea: ilusioz gaude», esan du Urbietak.
1976an sortu zuten zine kluba Azpeitian, lehen aldiz. Ondoren, Soreasu antzokia itxi zutenean, herriko gazte batzuk saiatu ziren jarraipena ematen egitasmoari Ta3. zine taldearekin. Betharram aretoan hasi ziren, beraz, 2006an film batzuk ematen. Berriro Soreasu martxan jarri zutenean, zerbitzuaz arduratzen zen enpresarekin adosten zituzten eskaini beharreko pelikulak, eta horrela lan egin dute orain artean. «Gaur egun, Kultur Mahaiak eta Sanagustinek hartu dute Soreasu kudeatzeko ardura, eta udalaren babesa jaso dugu. Pentsatu dugu unea dela zinema eredu honi indarra emateko», esan du Maite Azpiazu zine klubeko kideak.
Iaz saiakera bat egin zuten zinema komertziala eta alternatiboa asteburuetan eskaintzeko, baina «egokiago» ikusi dute zine klubak «bere espazioa» izatea. «Ostegunetan itzuliko gara, urte on haietan bezala, eta filmak proiektatzeaz gain, landu egingo ditugu, aurrez eta ondoren», adierazi du Azpiazuk.
Leialenentzat bonuak
11 pelikula eta bi jaialdi eskainiko dituzte hasi berri den ikasturtean zine klubeko kideek. 30 euroren truke, bonua erosteko aukera izango dute ikusle leialenek. Haiek doan izango dituzte pelikuletarako sarrerak, eta jaialdietara erdi prezioan joateko aukera izango dute. Abendurako eta maiatzerako antolatuko dituzte jaialdiak: Creative Commons egiletza eskubide libreen inguruko jaialdia, eta iazko MendiTour. Abenduko jaialdia, gainera, herrira zabaltzeko asmoa dute: Gaztetxean, kalean nahiz tabernetan ere eskaini daitezke filmak. Bonoa sortzearen helburua «babesa jasotzea» eta «leialtasuna» sortzea da. Ostiralean jarriko dute saltzen txartela, Sanagustin kulturgunean, Soreasun eta Gazte Informazio Bulegoan. Agiriak ez du izen-abizenik izango, beraz, etxeko guztiek dute hura erabiltzeko aukera. Bonurik ez dutenek, pelikulako lau euro ordaindu beharko dituzte.
Zinemaren goxotasuna
«Beste lekuetan jartzen ez dituzten filmak eskainiko ditugu», azaldu du Azpiazuk. Izan ere, «irizpide ekonomikoen arabera» aukeratzen dira pelikulak gehienetan, eta beraiek «irizpide zinematografikoak» erabiliko dituzte. «Kalitatezko pelikulak eskainiko ditugu, betiko estereoti- poetatik aldentzen direnak». Gainera, zinema klasikoaren alde ere egingo dute, «pelikula onak» berreskuratzeko. Jatorrizko bertsioak eskainiko dituzte Paradisu Zinemakoek, azpitituluekin; eta, ahal dela, euskarazkoekin. Film bakoitzarekin opari bat emango dute: postalak, argazkiak, olerkiak eta abar. «Zinemaren goxotasuna, zuzendariaren indarra edo geuri sortzen diguna islatuko dugu oparietan», esan dute kideek.
Hilaren 29an da lehen hitzordua. Ripiauk abestu bezala, "Paradisu Zineman ikusiko gara".
Egitaraua
Urriak 29, osteguna
21:30. Los exiliados romanticos.
Azaroak 12, osteguna
21:30. Mommy.
Azaroak 26, osteguna
21:30. La mirada del silencio.