Joan den astetik zabalik da Arropa Bankua Azpeitian. Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Elkar-ekinek eta udalak.
Azpeitiko Udalak eta Elkar-ekineko arropa bankuko lantaldeak hitzarmena sinatu dute, herriari zerbitzua eskaintzeko. Behar larrian dauden herritarrei zuzenduta zabaldu dute Arropa Bankua; eta, oraingoz, 170 herritar eta familiari banatuko dizkiete arropak doan. Arropa behar duten herritarrek harremanetan jarri behat dute Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin. Ondoren, Arropa Bankuko lan-taldea arduratuko da familia eta pertsona horiei arropa banatzeaz eta hori guztia kudeatzeaz.Bestalde, arropak lagatzeko, ostiral arratsaldeetan eta zapatu goizetan joan daiteke Elkargunera; bestela, Gazte Informazio bulegora eraman daiteke materiala, edozein egunetan.
«Lanerako prest gaude, gustura ari gara lanean, baina jendeak arropak ekartzea behar dugu», adierazi du Maria Luisa Irulegi arropa bankuko kideak. Uneotan haur kotxeak, sehaskak eta 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat arropa falta dute. Ainhoa Beristain udal zinegotziak esan du bat egiten dutela proiektuarekin, eta «plazera» dela parte hartzea: «Azpeitiarrek, beste behin, erakutsi dute elkartasunaren defentsan lana egiteko prestutasuna dutela».