Azpeitiko Udalak ikastaro bat antolatu du boluntarioentzat. Saioak azaroaren 5ean, 6an, 12an, 13an, 19an eta 20an izango dira, 09:30etik 11:30era. Izena emateko edo informazioa eskatzeko, Azpeitiko udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara joan behar da, edo 943-15 71 92 telefonora deitu.
Erakundeak azaldu duenez, herrian boluntario lanak egiten dituzten pertsona asko daude, eta "oso lan garrantzitsua" da hori. "Nahiz eta gogoz egin, lan konplexua da; izan ere, zaila da arlo honetan sortzen diren zenbait gai kudeatzea", adierazi du Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Horregatik ikusi dute "funtsezkoa" dela horren inguruan formazioa eskaintzea.
Gaiak
Honakoak dira ikastaroan landuko dituzten arloak:
- Boluntarioen kontzeptua eta marko historikoa.
- Boluntarioaren profila. Sei pausoak: hausnarketa, beharrak identifikatzea, denbora libraren eta trebetasunen balioa, elkarteen aukeraketa eta konpromisoa.
- Eremu legala: eskubide eta betebeharrak.
- Eskuhartze eremua: prebentzioa, gizarteratzea, garapen soziala, sentsibilizazioa eta denuntzia soziala.
- Trebetasun sozialak.
- Saioen eta kezken inguruko hausnarketa.