Bezeroen berotasunarekin ireki dute denda Eroskik eta Gureak-ek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 16a

Asteazkenean inauguratu zuten urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko lehen supermerkatua. «Gogoz» hasi dira beharrean hamar langileak.Harrera onarekin hasi du ibilbidea urritasuna duten pertsonek kudeatutako supermerkatuak, Azpeit...

Asteazkenean inauguratu zuten urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko lehen supermerkatua. «Gogoz» hasi dira beharrean hamar langileak.

Harrera onarekin hasi du ibilbidea urritasuna duten pertsonek kudeatutako supermerkatuak, Azpeitian. Atzo ireki zuten, eta goizean goizetik atearen ondoan zituzten erosleak langile berriek. Euskal Herrian lehen esperientzia da supermerkatu horrena, eta «ilusioa eta erabakitasunarekin» hasi dira guztiak beharrean, Enrique Martinez Eroskiko ordezkariaren arabera.

Eskualdeko hamar langile hasi dira lanean dendan: Azkoitikoak, Azpeitikoak eta Zumaiakoak, euskaldunak guztiak. «Langileak protagonista» diren gunea sortu dutela nabarmendu du Martinezek; eta esperientzia ona bada, halako supermerkatu gehiago ere ireki daitezkeela baieztatu du. Iñaki Alkorta Gureak elkarteko kideak garrantzia eman dio urritasuna duten pertsonak «jendaurrean» aritzeari: «Aukera berriak ematen ditu garapen pertsonalerako eta urritasunen bat duten herritarren bistaratzerako».

Eneko Etxeberria alkateak herriaren garapena izan du mintzagai: «Enplegua sortuko du, eta tokiko ekonomiarekin bateragarria da, hemen salduko baitira herriko produktuak ere».

Baldintza erosoak

«Urduri, baina pozik» heldu diote erronkari langileek, Izaskun Zinkunegi supermerkatuko koordinatzaileak azaldu duenez. Kutxazainak, produktuak jartzen lan egiten duten pertsonak, okinak, koordinatzaileak eta arduradunak dituzte langileen artean.

Arantxa Atxurrak 47 urte ditu, eta han-hemen ibili da beharrean Gureak-ek eskaini dizkion lanetan. Tailerrean, garbitzaile gisa eta gasolindegian lan egin izan du Atxurrak, eta «poz handiz» hartu zuen supermerkatuko eskaintza. Esnekiak eta beste janari batzuk bere lekuan jartzen eta bezeroen zalantzei erantzuten hasi da Azpeitiko langilea. «Niretzako oso erosoa da, batik bat, orain ez dudalako autorik hartu behar lanera etortzeko», azaldu du. Oso gustuko du hitz egitea eta harremanak zaintzea; «ohituta» dago jendaurrean lan egitera, eta «pozez» hartu zuen lanez aldatzeko berria.

08:30etik 12:30era egingo du lan Azpeitian bizi den Zumarragarrak, eta egun batzuetan 13:30ak arte luzatuko du jarduna. «Urduri samar» hasi du lehen eguna Atxurrak, baina «ilusioarekin»: «Langile asko ezagunak ditut lehendik, eta beste batzuk berriak dira, baina denak pertsona onak dira, eta ondo moldatzen gara. Talde ona dugu».

Atxurrarekin lan egiten du Mabel Martin azkoitiarrak ere. Martin kutxazain bezala hasi da lanean, eta bezero ilarez arduratu da hasiera-hasieratik. Azkoitiarrak ere «urduri» hasi du lehen eguna lantokian, baina «gogoz» eta «itxaropentsu» dagoela azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide