Kuadrillen arteko Azpeitiko Grand Prix lehiaketan izena eman daiteke, urriaren 24rako

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 14a

VII. Zezen Beltz Asteburua urriaren 24an eta 25ean ospatuko dute Azpeitian

VII. Zezen Beltz Asteburua ospatuko dute hilaren 24an eta 25ean, Azpeitian. Zenbait berrikuntza daude aurten egitarauan, esate baterako, animalien erakusketa egingo dute igandean, plazan. Kuadrillen arteko zezen jolasen Grand Prixa antolatu dute urriaren 24rako. Kuadrillek ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute, eta elkarren aurka lehiatuko dira. Dagoeneko 24 pertsonek eman dute izena lehiaketan, neska zein mutil, eta Zezen Beltzeko kideek herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Joan den urtean, bisitariak lehiatu ziren, batik bat, Grand Prixen. Lehen urtea zen, eta antolatzaileen arabera, hasieran «kostatu» egiten da jendea animatzea. «Aurten, hori herrira zabaldu nahi izan dugu», azaldu du Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kideak. Puzgarriak, jokoak, eragozpen euskarriak, ginkana, bola handiak eta abar izan zituzten lehen urtean, eta aurten ere zazpi proba prestatu dituzte: hiru zezenekin egiteko, eta lau, zezenik gabe. Dagoeneko izena eman daiteke info@zezenbeltz.com helbide elektronikora mezua bidalita. Joan den urtean bezala, lehiaketaren ostean, zezen txikiak egongo dira umeentzat. Probak ikustera joan nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera, hiru euroren trukean. Igandean ere berrikuntzak txertatu dituzte Zezen Beltzeko kideek. Animalien erakusketa egingo dute plazan, eta arraza bitxiak egongo dira ikusgai. 20 animaliatik gora ekarriko dituzte Aiako baserri batetik. Haien artean, bufaloak, llamak, alpakak, ardi bereziak eta abar. Igande goizean zehar egongo dira animalia guztiak plazan. Sokamuturra, iruditan Estreinekoz, Azpeitiko sokamuturreko irudi zaharren eta Zezen Beltzek antolatutako ekintzen argazki eta bideoak jarriko dituzte ikusgai, asteartetik igandea bitartean. Sanagustin kulturguneko pantailetan jarriko dituzte. ZEZEN BELTZ ASTEBURUKO EGITARAUA - Urriak 24, larunbata 12:30. Sokamutur txikia. Ondoren, zezen txiki eta pottokak egongo dira. 17:00. Grand Prixa, zezen plazan. Gero, zezen txikiak. - Urriak 25, igandea 12:30. Sokamutur txikia, zezen txikiak eta pottokak. Ordu berean, txahal saiheski eta oilasko erretze zein dastatzea, plazan. Goizean zehar. Animalia arraza berezien erakusketa plazan. 17:00. Zezen bolaztatuak Artzubia kalean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide