Dendartean Gipuzkoako Merkatarien bulegoa Azpeitian jarri dute

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko urr. 8a, 18:17

Elkarte horrek kudeatuko du hemendik aurrera Azpeitiko Bertan merkatari elkartea ere, eta udalak ordainduko du teknikariaren soldataren laurden bat.

Lizarralde eta Aldalur (E. Albizu Lizaso) Azpeitiko Udalak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Bilkurak akordioa sinatu dute, Dentartean-eko bulegoa Azpeitian egon dadin. Agustin Lizarralde udaleko ordezkariaren arabera, "borroka" egin dute elkartea Azpeitira ekartzeko, "merkatari txikien mesederako egiten den guztia gutxi" delako. Egun osoz lan egingo du, beraz, Dendarteaneko teknikariak Sindikatu Zaharreko bulegoan, 08:30etik 13:30era eta 14:30etik 17:30era. Dendarteaneko bazkide dira tokian tokiko merkatari elkarteak, Bertan kasu. Hori dela-eta, Gipuzkoako elkarteak kudeatuko du Bertan Merkatari elkartea ere, Lizarralderen arabera, azken hilabeteetan hutsune tekniko bat egon delako. Xabier Aldalur Dendarteaneko teknikaria arduratuko da Bertanez, eta udalak ordainduko dio soldataren %25a, gehienez, 8.000 euro.

Helburu komunak

Merkataritza sustatzea dute helburu Dendarteanek eta Bertanek, herrian lanpostuak eta bizia sortzen dutelako negozio txikiek. Gainera, elkarteek batzuen eta besteen kezkak eta iritziak konpartitzeko asmoa dute, elkarri lagundu ahal izateko. Ordizian (Gipuzkoa) dago bulego bat, eta bestea Azpeitian ireki dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide