'Trikitixaren historia laburra' lana eskainiko du bihar Azpeitian Junkerak, 'sorginekin' eta lau herritarrekin. Musikariarentzat «trikiaren sehaska dira inguruok».
Kepa Junkerak sorginekin eta herriko lau musikarirekin eskainiko du kontzertua bihar, 22:00etatik aurrera, Sanagustin kulturgunean. «Berezia» izango da berarentzat Azpeitian jotzea, trikitiak «indarra eta kalitatea» duen leku batean.Asteburuan Azpeitian izango zara. Sorginen proiektua zertan datza?
Zenbait disko atera ditut dagoeneko, eta zerbait desberdina egin nahi nuen. Lehen doinuetara itzuli naiz, trikitiaren identitatearen doinuetara. Doinu klasikoak hartu eta buelta bat eman diet, sorginekin. Perkusioa, ahotsak, dantza... dena nahastu, eta ikuskizuna prestatu dugu. Bihar, gainera, lau herritarrek lagunduko digute: bik bonbardinoa joko dute, eta beste bik tuba. Emanaldi honetarako abestiak konposatu ditut, baina trikitilari handien kantetako zatiak ere erabili ditut, aldaketekin.
Zuen lana, Trikitixaren historia laburra, musika baino gehiago da, ordea.
Bai, Joxean Agirre azpeitiarrak sortu du liburuxka bat, proiektuaren barruan. Nire gurasoetatik hasi, eta bidean aurkitu dudan jendearen inguruko istorioa kontatu du. Erreferentzia gisa ditudan musikoena, eta instrumentu honen ibilbidearena.
Lan honetan leku berezia dute miresten dituzun musikariek.
Hala da. Gainera, Azpeitian lan hau aurkezteak bereziki egiten dit ilusioa, trikitixaren sehaska delako bailara hau. Trikitixari indarra eta nortasuna eman diote Azkoitiko, Azpeitiko, Urrestillako eta Zestoako musikariek: Sakabik, Iturbidek, Epeldek, Lajak, Landakandak, Auntxak edo Zendoiak, utzi berri digun gizonak. Garrantzitsuak izan dira niretzat, eta omenalditxoa egin nahi izan diet. Hala, abesti batzuek beraien izenak dituzte. Errespetua diet pertsonaia horiei, eta hori ere erabili dut lanean. Trikitiaren urrezko belaunaldia bailara honetan sortua da.
Eragina izan al dute musika ulertzeko duzun moduan?
Zalantzarik gabe. Gure aitona eta ama estuki lotuta egon dira trikitiarekin, eta haiek izan ziren hastapenetako gidari. Gero, aipatu ditugun trikitilari horiek izan ditut bidelagun. Niretzat izugarria izan da ikustea bailara horretan nola bizi duten trikitixa. Nire bizitza musikaleko gakoetako bat izan da, batik bat, gaztea nintzenean.
Familiari ere keinu bat egin nahi izan diozu.
Bai. Ni bilbotarra naiz, baina zortea izan dut: aitonak panderoa jotzen zuen, eta dantzaria zen gure ama. Etxean soinu horiek entzuteko aukera izateak betiko markatu ninduen. Pena dut aitonak ez ninduela trikitia jotzen ikusi, baina amari ilusio handia egiten dio ni mundu honetan aritzeak. Beraiek eman didate hemen egoteko txispa.
Sorginak hautatzean kontuan izan duzu adina, zeu mundu honetan hasi zineneko adina.
Metafora hori islatu nahi izan dut, hala da. Horrez gain, freskotasunaren bila ibili naiz. Musika honenganako amodioa, bizitzeko modua, emozionatzekoa. Beste mundu bat ezagutzen ari dira neska hauek, eta erantzuna oso ona izan da hemen eta kanpoan. Beraiekin izandako harreman onak motibatu egin nau lanean jarraitzera.
Trikitixaren historia txiki bat lanak garatzen jarraituko du?
Bai, oraindik lanean ari naiz proiektu honetako doinuekin. Asko gozatu dut honekin, eta ez du bukaera zehatz bat oraingoz. Urte ederra izan da guretzat, eta orain zuzeneko emanaldiekin ari gara disfrutatzen. Aurrera begira, jarraituko dugu honetan.