Astearteko udalbatzarrean behin-behinean onartu dituzte EH Bilduren aldeko botoekin. Kiroldegiko tasan egongo da igoera bakarra, %3koa, eta 8,75 euroko aldea eragingo die erabiltzaileei.
Zerbitzu orokorretako tasak 2016an bere horretan uztea erabaki du Azpeitiko Udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin. Zerbitzu orokorren barruan daude, esate baterako, zaborraren, hiri-lurren balioen, autoen eta eraikuntza zein obren gaineko zergak. Soilik kiroldegiko tasak igotzea erabaki dute (%3ko igoera), uste dutelako zerbitzu berriek orekatzen dutela igoera hori, hau da, urtean 8,75 euroko aldea erabiltzaileko. Erabaki horiek astearteko ohiko udalbatzarrean hartu zituzten.Horrez gain, zenbait hobari onartu zituzten. Azpeitian negozio jarduera berriei hasiera ematen diotenek Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan %50eko deskontua izango dute bost urtean. Enplegua sortzen duten enpresek ere deskontua izango dute, %30ekoa; horiek, lehenaz gain, lanpostu finkoak sortu beharko dituzte, eta hobaria batez bestekoa izango da.
Lehen sektoreari begira, azokan postua jartzen duten baserritarrei jaitsi egingo zaie tasa, %5. Salbuespen horiez gain, ez da aldaketarik egingo 2016ko eta 2015eko tasen artean.
EAJk, bere aldetik,udal gobernuaren proposamenaren aurka bozkatu zuen; izan ere, zenbait erabakiren inguruan «zalantzak» dituzte. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak zaborren inguruko auziari eman zion garrantzia, eta salatu zuen «zuloa tapatzeko» erabaki dutela zergak ez igotzea: «Lau urtean ez dugu aldaketarik ikusi, eta tasak mantentzea hori ezkutatzeko dela uste dugu». 250.000 euroko igoera izan du Azpeitian zaborren kudeaketak, Gorrotxategiren hitzetan, %10ekoa, hain zuzen; eta argi du hori herritarrek ordaindu beharko dutela. Beraz, ez du ulertzen hark dirua nondik aterako den.
Eneko Etxeberria alkateak erantzun zion Urola Erdiko Mankomunitatea, Azpeitian, ez dela defizitarioa: «Lapatx herrian izateagatik 4,5 milioi jasotzen ditu Azpeitiko Udalak urtero, eta horrez gain mankomunitateko bulegoaren errenta ere jasotzen du. Azoka Plaza ere iturri horretatik ordainduko da». Bestalde, alkateak esan du 2015ean suertatu dela inbertsioak egitea; kamioienak, esate baterako, eta hori ez dela urtero gertatuko, hau da, urtero ez direla igoerak egongo prezioan.