Azpeitiko udalbatza 2016ko tasak eta zergak onartzen.
Zerbitzu orokorretako tasak bere horretan uztea erabaki du Azpeitiko udalbatzak, EH Bilduren onarpenarekin. Zerbitzu orokorren baitan daude, esate baterako,
zaborraren, hiri-lurren balioena, autoen edo eraikuntza zein obren gaineko zergak. Bestalde,
kiroldegiko tasak igotzea adostu dute, %3an, uste dutelako zerbitzu berriek orekatzen dutela igoera hori, hau da, urtean 8,75 euroko aldea erabiltzaileko. Erabaki horiek atzoko, astearteko, ohiko udalbatzan hartu zituzten.
Horrez gain, zenbait hobari onartu zituzten. Azpeitian
negozio jarduera berriei hasiera ematen diotenek Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan %50eko deskontua izango dute bost urtean.
Enplegua sortzen duten enpresek ere deskontua izango dute, %30ekoa; horiek, lehenaz gain, lanpostu finkoak sortu beharko dituzte, eta hobaria batez bestekoa izango da.
Lehen sektoreari begira,
azokan postua jartzen duten baserritarrei jaitsi egingo zaie tasa, %5ean. Salbuespen horiez gain, ez da aldaketarik egingo 2016ko eta 2015eko tasen artean. Honakoak dira joan den urteko irizpide nabarmenenak:
- Herrian negozio berria ireki edo moldaketak egiten dituztenek obren baimena %75 merkeago ordain dezakete.
- Industriako ibilgailuek -kamioi, traktore edo autobusak, kasu- ez dute izango igoerarik.
- Industriako hobariak banaka eta kasuz kasu aztertuko dituzte, "arazo bakoitzari beharrezko erantzuna" emateko.
- Baserritarrek eta bertako produktuak saltzen dituztenek %50eko hobaria eskuratuko dute.
- Higiezin industrialetan ordaintzeko dituzten enpresei zergen atzeratzea onartuko zaie.
- Hondasun Higiezinen Gaineko Zerga mantenduko dute, %150ean, nahiz eta salbuespenak onartuko dituen alkatetzak. Salbuespenak izan daitezke etxea bizitzeko modukoa ez izatea, besteak beste. Puntu hori zuzenki lotzen dute alokairuaren diru-laguntzekin.
Behin-behinean onartu dute 2016ko tasa eta zergen inguruko proposamena. Helegiteak jartzeko aukera irekiko dute orain, eta behin betiko onartu beharko dituzte ondoren, beste udalbatza batean. Dena dela, beharrezkoa da erabakia abenduan Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratzea, urtarriletik aurrera tasa berriak abian jartzeko.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du hiru irizpideren baitan adostu dituztela zergak: tasekin ekonomia sustatzea, zergak jasangarriak izatea herritarrentzat eta aberastasuna banatzeko tresna gisa erabiltzea. Zerbitzu orokorretako
tasak izozterakoan KPIa izan dute kontuak, Etxeberriaren arabera. "Datu objektiboak erabili ditugu, eta KPIa negatziboa izan denez, tasa, prezio eta zergak ez igotzea erabaki dugu", azaldu du alkateak.
Igerilekuko tasari dagokionez, adierazi dute uste dutela "hobekuntza nabarmenak" egon direla zerbitzuan: aldagela berriak, igerilekua, zerbitzuak, doako sauna eta abar. Horrez gain, gogorarazi dute deskontuak dituztela langabetuek, pentsiodunek, erretiratuek eta ikasleek, besteak beste; baita ordainketak egiteko erraztasunak eskaintzen dituztela ere."Ordaindu ezin dutenentzat bideak irekitzen ditugu, eta horretan jarraituko dugu, inor gera ez dadin kirola egiteko aukerarik gabe", nabarmendu du Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak.
"Gehien dutenek gehien ordain dezaten, eta gutxien dutenek gutxiago" adostu dituzte 2016ko tasak, udal ordezkarien hitzetan. Langabetuei, diruz larri direnei eta familia ugariei ere laguntzak eskaintzen jarraituko dutela esan dute.
EAJren kontrako boza
EAJk proposamenaren aurka bozkatu zuen; izan ere, zenbait erabakiren inguruan "zalantzak" dituzte. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak zaborren inguruko auziari eman zion garrantzia, eta
salatu zuen "zuloa tapatzeko" erabaki dutela zergak ez igotzea: "Lau urtean ez dugu aldaketarik ikusi, eta tasak mantentzea hori ezkutatzeko dela uste dugu".
250.000 euroko igoera izan du Azpeitian zaborren kudeaketak, Gorrotxategiren hitzetan, %10ekoa, hain zuzen; eta argi du hori herritarrek ordaindu beharko dutela. Beraz, ez du ulertzen hark dirua nondik aterako den.
Eneko Etxeberria alkateak erantzun zion Urola Erdiko Mankomunitatea, Azpeitian, ez dela defizitarioa:
"Lapatx herrian izateagatik 4,5 milioi jasotzen ditu Azpeitiko Udalak urtero, eta horrez gain mankomunitateko bulegoaren errenta ere jasotzen du. Azoka Plaza ere iturri horretatik ordainduko da". Bestalde, alkateak esan du 2015ean suertatu dela inbertsioak egitea; kamioenak, esate baterako, eta hori ez dela urtero gertatuko, hau da, urteko ez direla igoerak egongo prezioan.
EAJko bozeramaileak eskatu zion Lapatx ez goraipatzeko: "Orain, ona izango da Lapatx. Zuen helburua, gurea bezala, ez al da Lapatx ixtea?". Gorrotxategik eskatu zion hiru herriak -Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa- bilketa sisteman batera joatea. Etxeberriak bat egin zuen eskaera horrekin, eta xede hori dutela adierazi zuen.