Bailarako ekintzaileentzat diru laguntzak eskaini dituzte udalek eta Lanbidek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 7a

Azpeitiko Udalak sustatu du diru laguntza, 2025eko plan estrategikoaren barruan. Bi laguntza eskainiko dituzte: ideiak garatzera bideratuta, eta proiektua abian jartzeko diru laguntza.Enpresa berriak martxan jartzeko eta negozio ideiak babesteko diru l...

Azpeitiko Udalak sustatu du diru laguntza, 2025eko plan estrategikoaren barruan. Bi laguntza eskainiko dituzte: ideiak garatzera bideratuta, eta proiektua abian jartzeko diru laguntza.

Enpresa berriak martxan jartzeko eta negozio ideiak babesteko diru laguntzak eskainiko dituzte Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako Udalek eta Lanbidek, elkarlanean. Diru laguntza azaroaren 2a bitartean eska daiteke. Azpeitiko Udalak sustatu du, 2025eko plan estrategikoaren barruan aurreikusi zuelako ekintzailetasuna bultzatzea.

Beraz, ekintzailetasuna langabeziari aurre egiteko giltza gisa ikusten dute. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, Azpeitiko langabezia tasa %12koa da, eta «ekintzailetasuna garrantzitsua izan daiteke tasa hori murriztu eta herriko ekonomia sustatzeko». Ezaugarri hori jarri dute, beraz, erdigunean erakundeek «hazkunde ekonomikoa eta garapena» indartzeko.

Hori dela-eta, bailaran aurkeztutako proiektuak aztertuko dituzte, eta bideragarriak ote diren ikusiko dute. Bestalde, balizkoak diren egitasmoak lagunduko dira diruz. Diruaz gain, aholkularitza zerbitzua eskainiko dute, eta tutoreak izango dituzte ekintzaileek laguntza jasotzeko.

Bi diru laguntza mota

Bi diru laguntza mota eskainiko dituzte: ideia garatzera bideratua bat, eta proiektua abian jartzeko diru laguntza, bestea.

Ideia garatzera bideratutako beka zortzi herritarri emango diote. 25 urtetik beherako sei pertsonari, eta 25 urtetik gorako bi herritarri. Gehienez, 1.000 euroko laguntza jasoko dute, eta %35 gehiago jasotzeko aukera izango dute, 18 eta 25 urte bitarteko gazteen kasuan. Honako baldintzak bete behar dituzte: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea, negozio ideia bailararekin lotuta egotea eta langabea izatea eta Lanbiden izena emanda egotea, lan-eskatzaile gisa. Horrez gain, eskatuko zaie alta eman gabe egotea jarduera ekonomikoaren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian. Lehendik Lanbidek ekintzaileentzat 2013an eta 2014an irekitako deialdietan onuradun ez izatea beharrezkoa da.

Beste bekarekin, jada garatutako ideiak martxan jartzen lagunduko diete herritarrei udalek eta Lanbidek. Horretarako, zazpi laguntza emango dituzte gehienez, 25 urte baino gutxiago dituzten lau pertsonari, eta 25 urtetik gorako hiru herritarri. Onuradunek 1.500 euro jasoko dituzte, gehienez; eta %15eko gainsaria izango dute 18 eta 25 urte bitarteko herritarrek. Eskatzailea emakumea izanez gero, zifrari %15 gehituko diote.

Honako baldintzak bete behar dituzte: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea eta egoitza bailaran izatea; negozio berriaren bideragarritasuna bermatzen duen plana edukitzea, erakunde laguntzaileak balioztatua; erakunderen baten aholkularitza prozesuaren barruan egotea eta enpresaren egoitza soziala eta fiskala bailaran izatea. Eskatzaile hauek ere ezin dute izan Lanbideren ekintzailetasuna sustatzeko 2013 eta 2014ko deialdietako onuradun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide