Azpeitiko Udalak, ohar baten bidez, bat egin du Emakumeen Mundu Martxarekin, eta "atxikimendua eta babes osoa" eman dizkio egitasmoari. Emakumeen Mundu Martxa Kurdistanen hasi zen martxoaren 6an, eta atzo iritsi zen eskualdera, Zumaiara. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, martxak "sare feminista bat sortu eta munduko matxismoa ikustaraztea nahi du".
Erakundeak konpromisoa hartu du "berdintasunaren alde lan egiteko" eta honako helburuak lortzen saiatzeko:
- Indarkeriari dagokionez, ekintza protokoloak hobetu, sentsibilizazioan lan egin eta indarkeria matxistari dagokion formakuntzak egitea. Halaber, EMMren protokoloari babesa adierazten diote eta indarkeria sexistaren aurkako salaketa eta deialdiekin bat egiteko konpromisoa hartu dute.
- Zaintzaileen bizitzak hobetzeko lan egitera eta zaintza lanak erazteko zerbitzu publikoak ahalbidetzera konprometitu dira.
- Aniztasun sexuala eta genero identitatea kontuan izanik lan egitea, eta lesbofobia, transfobia, arrazismoa eta kapazitismoaren aurkako planak egitea aurreikusi dute.
- Emakumeen jabekuntza sustatzea eta baita saretze eta emakume taldeen sorrerak bultzatzea.
Hitzordua, urriaren 7an
Motxila ikusezina dokumentala jarriko dute datorren asteazkenean, hilaren 7an, 19:00etatik aurrera. Hara joateko animatu dituzte herritarrak.