Urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako lehen supermerkatua irekiko dute Azpeitian, Bustinzuriko Errebalean. Gureak elkarteak eta Eroski enpresak abiarazi dute egitasmoa elkarlanean, eta halako saltoki bakarra izango da Euskal Herrian. Urriaren 15ean irekiko ditu ateak dendak. Oraingoz, urritasunen bat duten hamar pertsonek egingo dute lan supermerkatuan, eta prestakuntza jasotzen ari dira Eroskiren beste saltoki batzuetan.
Supermerkatuko arduraduna Tolosakoa bada ere, langile guztiak Azkoitia, Azpeitia eta Zumaiakoak dira, eta euskaraz mintzatzen dira. Gureak duela urte eta erdi hasi zen Eroski enpresarekin hizketan, halako egitasmoren bat bultzatu nahian. Enpresa hori hautatu zuten, hain zuzen, beste proiektu batzuetan ere elkarlanean aritu direlako, eta «konfiantza» transmititzen diolako Gureak elkarteari. Gureak-eko Jon Ander Arzallusen arabera, merkatu azterketa egin du Eroskik, eta ikusi du Azpeitiko Alde Zaharrean badagoela aukera halako denda bat abian jartzeko.
Urritasunen bat duten pertsonei «lanpostu aukerak» eskaintzea nahi dute, eta langileen eta herritarren artean «harremana sustatzea», gizarteak ikus ditzan pertsona horien abileziak zein diren. Oraingoz, Azpeitiko saltokia soilik jarriko dute martxan, ez dute aurreikusten halako gehiago irekitzerik epe motzean.
Bestalde, Eroski enpresak «berrikuntza sozialaren proiektu gisa» definitu du egitasmoa.
Alde Zaharraren pizgarri
Azpeitia eta bere herritarrak «hobetzen» ari direla adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. «Arlo sozialeko proiektu berritzaile bat herrira erakartzeko gai izan gara», esan du Etxeberriak. Hori dela-eta, nabarmendu du «arlo ekonomikoa eta soziala uztartzeko» lan egiten jarraituko duela erakundeak.
Lanpostuei ere garrantzia eman die alkateak, eta azaldu du ezinduak «lantegi ilunetatik» ateratzeko modu ona dela. Horrez gain, Alde Zaharra hartu du kontuan, hura indartuko duela esan du, baita saltokia inguruko merkataritzarekin «erabat bateragarria» dela ere.
«Oro har, halako proiektuak hirietan egiten dira, baina elkarlanari esker erakutsi dugu Azpeitia herri dinamikoa eta bizia dela», adierazi du Etxeberriak.