67 eta 74 galdu dute etxeko jokalariek, Spar Gran Canaria taldearen kontra. Hurrengo bi partidak «gogorrak» izango badira ere, konfiantzarekin eta lanerako gogoz daude jokalariak.
«Aurten ezusteko bat baino gehiago emango dizkiegu handiei». Hala diote Iraurgi saskibaloi taldeko kideek. Izan ere, ozta-ozta galdu zuten Azkoitia Azpeitia ISBko neskek Emakumeen Ligako lehen partida. 67 eta 74 gailendu zen Spar Gran Canaria talde bisitaria Azpeitiko kiroldegian. Zazpi punturen abantaila atera zieten, beraz, bisitariek.Jokoaren laurden guztietan joan ziren atzetik etxeko neskak, baina oso berdinduta izan zuten markagailua uneoro. 10-14 bukatu zuten lehen laurdena; 28-34an zegoen markagailua bigarrena amaitzean; eta atsedenaldiaren ostean, 46 eta 49 emaitzarekin bukatu zuten hirugarren laurdena. Azken emaitza 67 eta 74 izan zen.
Egoerara ohitzen
Hilabete batzuk pasatu dira Iraurgiko emakumeek goreneko mailan jokatuko zutela jakin zutenetik, eta «eromen bat izan da» guztientzat hori irenstea. «Orain jarri ditugu hankak lurrean, jokatzeko unea iritsi denean», azaldu du Intza Lizarasu jokalari azkoitiarrak. «Berriak» dira oraindik, eta taldekideak ezagutzen ari dira; hala ere, azkoitiarrak azaldu du igandean «dena» eman zutela, eta hemendik aurrera bide bera jarraituko dutela.
Klubeko neskek «itxura ona emanda» galdu zutela jakinarazi du Iraurgi Saskibaloi Taldeak, eta hori berretsi du Lizarasuk: «Galdu egin genuen, baina tartea txikia izan zen; lanean jarraitu behar dugu, baina ondo etorri zaigu konfiantza hartzeko».
Jokalariek bazekiten denboraldi gogorra izango dutela aurretik, ezagutzen baitzituzten aurkariak, baita haien maila ere. Hala ere, «pauso handia» dago aurkarien estiloa ezagutzetik haien aurka lehiatzera, azkoitiarraren arabera; eta igandean ikusi zuten, benetan, zer aurkituko duten hemendik aurrera.
Denboraldiarekin jarraitzeko, Zaragozaren aurka jokatuko dute igandean, aurkarien etxean; eta hurrengo asteazkenean, atseden hartzeko betarik gabe, Salamancako emakumeak hartuko dituzte Azpeitiko kiroldegian. «Gogorrak» izango dira norgehiagoka horiek, jokalariaren hitzetan. Izan ere, ligako faboritoetakoak dira biak ala biak. «Badakigu fisikoki eta esperientzia aldetik askoz hobeak direla, baina ez dugu hori pentsatu behar, irabaztera irtengo gara, beti bezala», azaldu du Lizarasuk. Partidaz partida, laurdenez laurden saiatuko dira Iraurgiko neskak lan txukuna egiten, igandean egin zuten bezala.
Bestalde, Azkoitiko jokalariak eskerrak eman dizkie igandean kiroldegira gerturatu ziren herritar guztiei: «Badakigu gogorra izan zela, eta badakigu hemendik aurrera zuei ere tokatuko zaizuela sufritzea. Baina gu ikustera etortzen jarraitzeko eskatu nahi dizuegu, zuen laguntza behar baitugu».