Petritegiko ordezkaria, saria jasotzen. (E. Albizu Lizaso)
Astigarragako Petritegi sagardotegiak irabazi du Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia. Azpeitian jokatu zuten atzo, larunbata, eta 200 pertsona inguru bildu ziren azoka plazan, jan eta edanaren bueltan. 32 sagardogilek parte hartu zuten lehiaketan -Gipuzkoako 30 ekoizlek eta Bizkaiko zein Iparraldeko banak-, eta herritarrek aukeratu zuten edaririk onena. Izan ere, afarian izan ziren guztiek puntuatu zituzten sagardoak.
Lau multzotan banatu zituzten antolatzaileek afaltzera gerturatutako herritarrak, eta talde bakoitzak zortzi sagardo dastatu zituen. Lehen txandan puntuaziorik altuena lortu duten zortzi sagardo loteak bigarren errondara pasatu ziren. Bigarren txandan, berriz, finalerako sailkatutako zortzi sagardoak mahaikide guztiek probatu zituzten. Zortzi horien artean aukeratu zituzten, beraz, irabazleak.
Honakoak izan ziren puntuazio altuena lortu zuten zortzi sagardotegiak:
- Petritegi
- Eula
- Setien
- Ola
- Iparragirre
- Akarregi
- Calonge
- Olagi
Antolatzaileen arabera, historikoki egin izan dira halako txapelketak. Gipuzkoako Sagardogileen elkartea 1967an hasi zen horrelako lehiaketakin, eta ohitura hori berreskuratu nahi izan dute. Sagardogile elkarteak azaldu duenez, herritarren epaia ez da adituenaren bera izango, baina herritarrak dira sagardotegiak aukeratzen dituztenak, eta beraientzat baliagarriak dira halako txapelketak jendearen gustuak eta joerak ezagutzeko. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu du egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren HAZI Fundazioarekin, Azpeitiko Udalarekin eta Azpeitiko Sagardo Eguneko Taldearekin elkarlanean.
[flickr_set id="72157656833841243"]