Ikastolek Azpeitian ireki dute ikasturtea ofizialki, hezkuntza sistema propioa aldarrikatuz

Nerea Uranga 2015eko irailaren 26a

Ikastolen Elkarteak ikasurte irekiera ekitaldia Azpeitiko Soreasun egin du. (Nerea Uranga/Hitza). Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria Soreasun. Ikastolen Elkarteak 2015-2016 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala Azpeitiko Soreasu antzokian egin du gaur, larunbata. Azpeitian orain 50 urte sortu zela ikastola eta "ikastolen ereduari eutsiz" 20 urte direla beste lau ikastola birsortu zituztela ekarri dute gogora: Azpeitiko Ikasberri, Beasaingo Andramendi, Elorrioko Txintxirri eta Leioako Betiko. Soreasuko ekitaldian ikastola horietakoak omendu dituzte. Gainera, ikastolek beren burua kudeatzeko Partaide sortu zuteneko 20. urteurrena ere nabarmendu dute. Ekitaldian Ikastolen Elkarteko eta erakunde publikoetako ordezkariek hartu dute hitza: Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatuak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak eta Lourdes Idoiaga orain 20 urte Partaide sortu zutenean lehendakariordea zenak. Tartean, musika eta dantza ere izan dira.

"Izatearen funtsa titulartasuna"

Duela 20 urte publifikazioaren ondorioz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan bukatutako prozesua "gogorra eta mingarria" izan zela esan du Tellituk. "Herritik eta herriarentzat sorturiko hezkuntza proiektuak gara ikastolak, eta herritik eta herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetze mota dugu. Hezkuntza kooperatibak izanik, gure esku dago nola antolatzen dugun, nola kudeatzen dugun ikastola, eta gurea da erabakia, baita erantzunkizuna ere. Gure izatearen funtsa gure titulartasuna da", nabarmendu du. Hezkuntza sistema propioaren garrantzia aldarrikatu dute ikastolek ikasturte hasierako ekitaldian."Hezkuntza sistema propioa eraiki nahi dugu, Lomce bezalako mehatxuek gugan eraginik izan ez dezaten", esan du Tellituk. Ikasturtea Lomceren neurri gehiago indarrean sartuta hasi dela, eta horregatik kalean aurre egin behar zaiola nabarmendu du Ikastolen Elkarteko buruak. Era berean, erakunde publikoetakoei "Lomceren ezarpena eragozteko jarrerari irmo eusteko" eskatu die, eta oposizioari gogorarazi "Lomceren aurka hartutako konpromisoa". Lomceren aurrean "gurea defendatuz" eta zuhurtziaz jokatuz segituko dutela esan du gero Uriartek: "Gure eskubideen aldeko defentsan tinko jarraituko dugu".

Hezkuntzaren legea

Hezkuntza legearen eztabaida atzeratu izana ere kritikatu dute ikastolek: "Aurreko ikasturte amaierarako espero genuen legearen zirriborroaren aurkezpena. Iraila amaitzear dela, eragileekin hitz egiteko asmoa azaldu dute, baina oraindik egutegirik ipini gabe". Jaurlaritzako sailburuak Hezkuntza legea lantzen joateko prozesua abiatzear dagoela esan du: "Eragileekin hitz egingo dugu: hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiekin bilduko naiz". Legeak oinarri sendoak beharko dituela esan du: "Iraunkorra izan dadin". Erraza ez dela izango kontziente dela esan du, "zailtasunak izango dira". Noizik eta behin atzera begiratzea ona dela esan du sailburuak: "Nondik gatozen begiratzea, etorkizunak dakarzkigun erronkei aurre egiteko. Denon artean lortu dugu duguna, eta denon artean lortuko dugu eskuartean duguna hobetzea. Hezkuntza sistemaren helburua ikasle guztiek garapena lortzea da, bikaintasuna bilatuz. Baina aldi berean, den-denak eskutik helduta, inor atzean utzi gabe".

Azpeitian ikastolak 50 urte, "etorkizuna dugu irabazteko"

Azpeitian ikastola sortu zeneko garaiak ekarri zituen gogora Azpeitiko alkateak ekitaldian: "Azpeitian aurten 50 urte ospatzen dira, lege guztien aurka ikastola sortu zenetik. Frankismoa zegoen, baina gure herrian dena arriskuan jarriz , ez zeuden tokietan zirrikituak bilatuz eta lan askorekin tresna majiko bat sortu zuten: ikastola. Horri esker gara garenak, eta tresna horri esker gure kultura, hizkuntza eta  baloreak, azken batean gure nortasunak biziraun du. Gaurko Euskal Herria beren ekarpenik gabe ez genuke ulertuko". Eredu izan zirela eta eredu izaten segitzen dutela esan du Etxeberriak. Ikastolak gaur egun ere beharrezkoak direla gaineratu du alkateak: "Derrigorrezkoak dira euskal estatu bat lortu arte. Derrigorrezkoak dira gure herriaren kultura, hizkuntza, nortasuna... transmititzeko. Herri bezala ez dugu aurrera egingo hezkuntzan ez badugu aurrera egiten. Pertsona bezala aurrera egiteko herri bezala ere aurrera egin behar dugu. Eredu publikoa ez litzateke dena izango ez baluke izango ikastolen presioa". Herri komunikatean eredu desberdinak izatearen alde egin du alkateak: "Ez dugu eredu bakar bat bultzatu behar, gure komunitatea eredu desberdinetatik aberastea dagoelako". Etorkizunaren garrantziaz ere jardun du Etxeberriak. "Inportantea da zer egingo dugun planteatzea, iraganaz jardute hutsak ez bait gaitu inora eramango. Aurrera begiratu behar dugu, gaur egindakoak etorkizuna irabazteko balio beharko luke. Etorkizuneko erronka zein da? Gure herria irabazi behar dugu, eta hor ardatza herritarrak dira". Ezinikusiak alde batera utzi, eta belaunaldi berrietan oinarritu beharra nabarmendu du, "lan eta lan eginez, aurrera begira konpromisoak hartuz eta orain 50 urteko herritarrek izan zuten errebeldiaz".

Eragileekin batera aritzeko prest da Diputazioa

Planikazioaren garrantziaz jardun du Imanol Lasa diputatuak, eta asteazkenean Batzar Nagusietan Kudeaketa Plana aurkeztuko dutela, bertan besteak beste lurraldeko eragileek ere zeresana izango dutela gaineratu du: "Batez ere kultura, kirola, gizarte, hezkuntza eragileekin elkarlanean jardun nahi dugulako. Gipuzkoaren erronkei aurreko egiteko modua hori dela uste dugulako". "Ikastolak kalitatezko hezkuntzaren eredu zarete, eta kalitatezko euskal administrazioaren eredu izan nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Beraz, bidean elkar ikusiko dugula ziur naiz", esanez bukatu du Lasak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide